Azpeitiar bat Filipinetan debuta egiteko prest

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2008ko uzt. 2a, 14:07

Aitor Gorostola azpeitiarra Santa Ana Cagayan Valleyko (Filipinak) Eusko Basque Jai Alain debuta egingo duen Zumaiako eskolako pilotarietako bat da. Puntista gazte hau Goikoetxea munduko txapeldunaren lehengusu batek bultzatuta hasi zen jokatzen eta etorkizunean Floridara joateko aukera izateko, orain daukan aukera aprobetxatu nahi du.

Elkarrizketa bat egin berri diote eta honelako albisteak gustoko ditudanez hona hemen gure Aitorren hitzak:

 

Urduri zaude Filipinetan hasiko duzun ibilbide honen aurrean?

 

Gogotsu nabil, baina ez urduri. Bidaiaren aurreko hiru edo lau egunetan urduriago egongo naizela uste dut.

 

Profesionala izatea amets bat izango da.

 

Bai, jokatzen hasi nintzenetik profesionala izateko ametsa neukan. Orain aukera dut eta dena eman nahi dut hau aprobetxatzeko eta nirekin asmatu dutela erakusteko.

 

Zu azpeitiarra zara, baina beti egon zara Zumaiako eskolan.

 

Hala da, Goikoetxearen lehengusu bat aproba bat egitera bultzatu ninduen, gustatu zitzaidan, eta gaur arte.

 

Asiara hiru lagunekin joatea oso garrantzitsua izango da zuretzat.

 

Bai, hain urruti bakarrik, ala hiru lagunekin batera joatea erabat ezberdina da, horrela babesa handiagoa duzulako, batez ere herrialdea ezezaguna dela kontuan hartuz.

 

Zein izango da zure helburua Filipinetan?

 

Dena ematea, ahalik eta ondoen egitea eta ea gero Amerikara joateko aukera agertzen zaidan. Han Korta, Goikoetxea, Enbil eta beste asko daude eta Floridara abiatzea beti da helburu bat.

 

Nola imajinatzen duzu Asiako herrialde hau?

 

Ez dakit, hemengoa baino askoz ezberdina izango da, eguraldi tropikalarekin, hondartzekin, bero handiarekin eta abar. Bestalde, ez dakit zer aurkituko dudan.

 

Zer botako duzu faltan etxetik hain urrun egongo zarenean?

 

Lagunak, familia, neska. Orokorrean, dena.

 

Moldaketa gogorra izango da?

 

Batek daki, kinielak jokatu ditut eta ohitureei, ordutegiei eta, batez ere hain berotsua izango den eguraldiari moldatzea izango da gauzarik gogorrena. Bestalde, hara joango garen gehienak ezagunak gara eta zentzu horretan ez da inolako arazorik egongo.

 

Zer dauka Zumaiak handik hainbeste puntista irten daitezen?

 

Jokatzeko, Odieta frontoia ezin hobea zen, laburra zelako eta erreboteatzeko eta errematatzeko aproposa zelako. Era berean, txikien artean beti egon da frontoira joateko zaletasun hau eta munduko bost onenen artean hiru edo lau zumaiarrak beti egon izanak ere bere eragina izan du. Hala ere, frontoi berria eraikita egonez gero, egoera hobea izango litzateke, gaur entrenatzeko arazoak ditugulako.

 

Zuentzat, profesional mailan dauden zumaiarrak erreferentzia bat dira.

 

Bai, ni Lopezek debuta egin zuen urte berean hasi nintzen jokatzen eta zuzenean ikusi dudan lehenengo partida Goikoetxea eta Enbilen neurketa bat izan zen. Handik aurrera askoz gehiago ikusi nituen.

 

Herrikide hauek ezagutzen dituzu, ezta?

 

Bai, eta Estatu Batuetan dauden beste batzuk ere, besteak beste, Korta, BeƱat, Zinkunegi edo Luis.

 

Goikoetxea, Enbil eta beste izarrekin topo egiten duzu udan etortzen direnean?

 

Bai, inoiz Enbil eta Lopezekin entrenatu naiz eta hau opari bat bezalakoa izan zen. 16 urteko hasten ari den mutil batentzat, munduko txapeldun batekin pilotakada batzuk botatzea gauza ikaragarria da.

 

Inoiz haien kontra lehiatzeko ametsa duzu?

 

Oraindik oso urrun ikusten dut, oso pilotari handiak direlako.

 

Noiz hasi zinen zestaz?

 

2002an, Goikoetxeak lehenengo Mundiala irabazi zuenean, eta, egia esan, ez nuen profesional izatera hain azkar heltzea espero.

 

Eustaquio beti izan da zure entrenatzailea.

 

Bai, hasieratik berarekin egon naiz, eta oso gustura, gainera. Zerbait txarto egiten baduzu, argi eta garbi esaten dizu, akatsak zuzen ditzazun. Ondo egiten baduzu ere, esaten dizu. Beno, ondo eginez gero, ez du ezer esaten, je, je. Bera isilik egotea seinale ona da, horrek dena ondo egiten ari zarela esan nahi duelako, je, je.

 

Zein izan da afizionatu mailako zure oroitzapen onena?

 

Ez dakit, agian kadete mailan jokatu nuen Euskadiko lehenengo txapelketa. Gero hiru finala jokatu nituen, bi irabazi, eta bat galdu. Orokorrean, oroitzapen gozoak gordeko ditut.

 

Gure herritar puntistari zorterik onena opa diot Filipinetan, eta han bakarrik ez, hastear dagoen ibilbide profesionalean ere jarriak dituen helburuak betetzeko aukera eta indarra izan dezala.

Animo Aitor eta ez etsi inoiz hire amets horiek beteartean!!

 

Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa