Eutsi bide horri

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Ibarzabal 2008ko mar. 7a, 19:03

 

Idatzi nuen aurreko blog-ean iritsi zitzaidan erantzunetariko bat hau izan zen: “Uztarriako baleko "fitxajie" izengo haizelakuen nitxiok...(betire futbol kontuek ez baituk ikutzen, hori eztek eta hire fuertie).”

Ba nola diren gauzak lagun, gaur futbol kontuekin natorkizu, Lagun-onak taldearen aipamen batzuekin.

Denbora dexente naramatzan Lagun-onaken futbol partidu bat ikusi gabe, agian urteak ere bai. Futbola gustatzen zait bai, baina tamaina baten. Garmendipeko eguraldi hotz horiek jasateko prest ez nago, gero katarro batez erretiratuta egon behar izaten duena ni izaten bainaiz.

Baina lehen aipatu bezala, aurrekoan eguraldi ona aprobetxatuz aspaldiko partez partidua ikustera joan nintzen kuadrilakoekin. Garmendipe futbol zelaira sartu orduko hasi zitzaizkidan herritar batzuk esanez “ah dioss, gurik eindik!! Etziok gauze onik!! Ez baaa, hi etorriko oteitzeanbaa!!”, joe, aze ongi etorria Haritz esan nion neure buruari.

Kontuak-kontu partidua hasi zen eta aurreneko atentzioa eman zidan gauza izan zen hamaikakotik zortzi jokalari herritarrak zirela. Gaur egun futbol mundua nola dagoen ikusita hori ez da batere erraza, eta guztiz txalogarria iruditzen zait Aitor Zulaika eta Lagun-onak osatzen duten jendea egiten ari diren lana. Hau ez da bapateko lana, honek bere denbora behar du, jokalari gazteekin lan fina eta zorrotza eginaz. Azken urte hauetariko lanaren fruituak orain hasi dira jasotzen, eta jaso bakarrik ez, zukua ateratzen ere ederki askorik ari da Aitor Zulaika entrenatzailea.

Guretzat ere pozgarria da taldea herriko jendeaz osaturik dagoela ikusteak, beste adore batez joaten zara ikustera eta animatzera. Nik egun hartan ederki askorik pasatu nuen etxekoak animatuz, eta golez gain joku polita ikusteko aukera ere eman zidaten. Partidu hasieran kezka bakarra nuen buruan, “gaur galtzen badugu ni erruki, ez det hemendik bizirik irtengo”, baina 4-1 irabazi ostean lasai askorik irten nintzen herritar haien ahoak ixilduaz, jaja.

Lagun-onakeko kide guztiak zoriondu nahi ditut egiten hari diren lanagatik, eta adierazi hau dela gustatzen zaigun bidea, haurrekin eta gazteekin lan eginaz nahiz batzutan zaila izan. Denborarekin ematen duen fruituak merezi du ahalegin hori. ZORIONAK!!

Blog pertsonala: ibarzabaltxokoa