Demokratak eta biolentoak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Gaztetxie | Politika
2019ko urr. 18a, 13:24

'Demokratak eta biolentoak', horrela du izena Joxe Azurmendiren liburu ezagun batek, Euskal Herriko gatazka politikoan espainiar agentzia politiko nagusiek eraikitako kontakizunari erreferentzia eginez. Oraindik orain gatazka politikoen zentraltasuna binomio honek hartzen duela ikusten dugu. Demokratak zuzenbide estatua bere egiten duten alderdiak (burgesak, ezinbestean) dira, eta biolentoak aldiz erregimen politikoa beren praxian errefusatzen dutenak. Kataluniako gatazka politikoa bidegurutzera iritsi da aste honetan, eta aliantza zalantzatiak hautsi dira bat- batean edo. Ordena burgesa, izan Katalan nazionalista ala espainolista, zibismoaren eta hiritargoaren balio unibertsalen defendatzaile gisara agertzen zaigu, eta balio sistema horren barnean biolentziaren monopolioa gorputz polizial zein militarraren eskuetan izatea ezinbestekoa zaie. Bien bitartean, demokrazia zuzenbide- estatuaren eta konstituzio itxi baten mugak gainditu ezinean ageri da, desberdin ekiten dutenei debekuak ezarriz. Askatasunaren bertuteak alderantzizko ordena jarraitu behar lukeela uste dugu: disidentziarako askatasuna, ezberdin pentsatu eta jarduteko libertatea, eta ez muga hertsiak dituen estatus batekiko obedientzia itsua.    

Zaila zaie agintari politikoei hipokresia disimulatzen, biolentziaren mugak zuzenbide estatuko aparatuaren mugetara ixten direnean margenetatik arrakalak ageri baitira. Oharkabean, komunikabide nagusien oihartzunik gabe, aste honetan Euskal Herrian hiru langilek galdu dute bizitza soldatapeko esklabutzan ziharduten bitartean. Bizitza galdu dute, erreparatu ezin den gertaera bakarra. Miserablea da etekin propiorako besteen bizitzak arriskuan jartzea, eta astez aste halako ezbeharrak gertatzen diren arren, ez dirudi biolentzia jendarte zibilaren begietan. 

Egunen batean, gizarte kapitalistaren liburu beltza idaztea izango da gure zeregina, non ezkutatuak izan diren abusu eta eraso guztiak argitara ekarriko ditugun, zintzotasunez eta egiari erreparatuta. Bitartean, zintzoa deritzoguna egiten jarraituko dugu, eta gure ustetan, ezin aurki dezakegu ezer zintzoagorik zapalduak daudenen askatasunaren alde borrokatzea baino.

Gure elkartasun guztia Kataluniaren askatasun sozialistaren alde diharduten guztiei, eta honekin batera erreprimituak izaten ari diren militante ororen berehalako askatasuna galdegiten dugu. Bestalde, besarkadarik beroena bidaltzen diegu aste honetan lan- istripuetan nahiz amiantoaren ondorioz hildako hiru langileen senitarteko eta gertukoei.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu