Umorea, kritika eta autokritika, Gaztetxeko film laburren txapelketan

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Gaztetxie 2018ko api. 27a, 19:35

Horrenbeste denbora zain egon ostean, atzo iritsi zen film laburren txapelketa Azpeitiko Gaztetxera. Litezkeen gauzarik ederrenak ez dira zen bideoak egiteko proposatutako gaia. Irudimena dantzan jartzea bazen txapelketaren helburuetako bat, xedea ondo bete dela ezin ukatu. 

Gazte Asteak irauten duen bitartean egunero Gaztetxean afaria egiten denez, zertxobait atzeratu zen film laburren emanaldia, eta 22:00ak ondo jota hasi zen bideoen proiekzioa. Aurretik, bideo bakoitzaren egileek egindako lanaren inguruko xehetasun gutxi batzuk azaldu zituzten: film laburraren iraupena, ikus-entzunezkoa egitean zertan oinarritu edo inspiratu ziren... Azalpenak entzun ostean hasi ziren bideoak ikusten Gaztetxean elkartutako dozenaka lagun. Umorez jantzitako kritika bideoak, autokritika eta sormena izan ziren protagonistak.

Epaimahaiak Irunek, Anek eta Leirek egindako bideoa nabarmendu zuen. Txalometroak, aldiz, Xabirena eta Lokatzarena. Xanti Agirrezabalak, Ane Arenasek eta Erika Olaizolak osatu zuten epaimahaia. 

Gaztetxeak ez ditu publiko egingo atzoko film laburren proiekzioan ikusgai izan ziren bideoak. Beraz, hurrengorako badakizue: animatu Gaztetxera! 

Gazte Astea, martxan

Gaur jarraituko dute Gazte Asterako prestatutako ekintzek. Datozen hitzorduak, hemen: 

Apirilak 27, ostirala

21:00etan, parrillada, udaletxeko arkupeetan. 

Ondoren, gaztetxeko kideen parodia kritikoa. 

Apirilak 28, zapatua

14:30ean, bazkaria Gaztetxean. 

Bazkalostean, kantaldia Tony Rocket abeslariarekin. 

20:00etan, luntxa. Ondoren, bingo musikatua. 

22:30ean, karaokea.

Apirilak 29, igandea

19:00etan, Peputz bakarlariaren emanaldia eta txokolatada. 

Apirilak 30, astelehena

18:00etan, Langile autodefentsa hitzaldia Andrea Bartolo eta RAeko kide baten eskutik. Ondoren, afari tertulia.

Maiatzak 1, asteartea

Goizean (ordua zehazteko dago), mahai ingurua Gaztetxean. 

14:00etan, bazkaria. 

19:00etan, Langile boterea eraiki lelopean manifestazioa plazatik abiatuta.