Oroimen ekitaldiak izango dira Gudari Egunaren harira

Erabiltzailearen aurpegia
2019ko Gudari Eguneko ekitaldiko irudia.

Aurten 46 urte beteko dira Francoren erregimenak Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko hiru kide hil zituela. Hainbat ekitaldi izango dira egunotan: erakusketa bat ikusi ahal izango da gaur eta bihar, Sanjuandegin eta Urrestillan, hurrenez hurren. Datorren igandean eta astelehenean mendi martxa, ekitaldia, bazkaria eta lore eskaintza izango dira.

Irailaren 27an, astelehenez, 46 urte beteko dira frankistek Angel Otaegi, Juan Paredes Manot Txiki eta FRAPeko Jose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz fusilatu zituztenetik. Aurten ere, oroimen ekitaldi ugari antolatu dira urteurren hori dela eta.

Hasteko, hilketa horien gaineko erakusketa izango da ikusgai gaur, larunbata, Sanjuandegin, eta bihar, igandea, Urrestillan. Hurrengo aste osoan zehar, berriz, Sanagustin kulturgunean izango da erakusketa.

Ekitaldi gehienak, baina, datorren igandean, hilaren 26an, izango dira. Ohiko moduan, Azpeititik Nuarbera mendi martxa egingo da, 09:00etan plazatik abiatuta. Ekitaldia izango da 13:00etan Nuarbeko frontoian, eta ondoren bazkaria egingo da bertan. Bazkaritarako txartelak Orkatzen daude salgai. Gudari Egunean, aldiz, lore eskaintza egingo da 19:00etan, Nuarbeko hilerrian.

Antolatutako ekimen guztietan parte hartzeko deia egiten diegu azpeitiar guztiei.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide