Bertso berriak... Abenduari jarriak

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko abe. 26a, 12:12

Hauek dira aste honetako Argiak dakartzan bertsoak, denok ezagutu eta kanta ditzazuen.

I

Ate joka ditugu
Eguberri jaiak
kaleetan argiak
ta opari gaiak
dirua xahutzeko
nolako garaiak
txiki egiten gaitu
gure handi nahiak.

II

Haurrak eskatu edo
norberak eskeini
auzokoak badauka
etxean komeni
«egoa» harrotuaz
ia edozeini.
Hori hainbeste bada
gutxiago ez ni.

III

Hilaren erdirako
hasiak kezkatzen
loteria zergatik
ez degu tentatzen
zuzen ote gabiltzan
zaila da asmatzen
«pobre ez jarraitzeko»
dirua gastatzen.

IV

Hilaren hogeita bi
nolako arreta
berdina gehiengoak
degun berriketa
sakela hutsik baina
ahoa beteta
konforme osasuna
badaukagu eta

V

Gabon gauez etxea
goxo ta epela
ez pentsa guzietan
gauza bera dela
norbait falta denean
askotan bezela
jakin goxoak ere
mikazten direla

VI

Hilak azkena omen
ta urteak berdin
ez digu utzi hainbat
poz eta atsegin
eta datorren hori
hobeago dadin
lehengo ametsak bete
ta berriak egin.

Xebastian Lizaso