'Mak' taldea finalera

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko abe. 18a, 18:12

                                     

Azken finalerdia hirigunetik urrun, Errezilgo Trintxera jatetxean izan bazen ere, orain arteko saio guztien bidetik arrakastatsu eta jendez gainezka izan zen bada. NESKAK  eta MAK taldea ziren aurrez aurre. Saioa ona izan zen oro har eta momentu ederrak izan zituen tarteka. Zortziko txikian Minik eta Leirek egin zutena, esate baterako. 50na urteko senar-emazteak ziren, inoiz oporretara joan gabeak eta senarrak, Leireri tokatu zitzaion paper hori, Kubara bidaia egiteko proposamena egin zion, Mini emazteari. Saioko bertsorik politenetakoak bertan izan ziren. Emaztea hasi zen Kuba aldea gerria mugitzeko leku aproposa zela esanez eta hala erantzun zion senarrak:

Zerbait ba omen dago
hango eguzkian
berotzen dakiena
mugitzen hastian
ta gozatuko dezu
palmera azpian
gozatu ez dezuna
bizitza guztian.

 
Eta Miniren erantzuna ere polita izan zen

……
neska kubanita bat
bazaizu komeni
Diniokin ederki
ibiliko naiz ni.

Bakarkako lanetan ere bi hauen eskutik etorri ziren alerik politenak. Hitza gai emanda ‘malkoa’ izan zuen Leirek eta bere aurrean entzule zuen Maider Egiguren preso ohiari kantatu zion berarekin topo egiteak sortu zion zirrara, malkoa atera ziola adieraziz. Handik berehala zen Mini bakarkako lanean eta ‘irria’ hitza zuen kanturako gai. Maiderri kantatu zion honek ere, askatasunaren poza gogora ekarriz, eta honela amaitu zuen bertsoa:

……
zuen malkoa irri batekin
errez sendatu daiteke.

Ordurako ere behar bada egokiago ari ziren MAK taldekoak, baina puntutako lanean borobildu zuten beren lana. Errezilgo hiru bertsolari historiko izan ziren saioari begira eta dotore asmatu zuten, Miniren ‘Baserriren’ imintzio eta guzti, beren buruei eta ondokoei barre egiteko. Amaieran bertso gosez zegoen jendea baina baita aurkezlea ere zirikatzaile zebilen eta Leirek eta Minik saio polit bat egin zuten puntutan. Ondoren Gorka Tolosa bera, Mini eta Ander ere animatu ziren elkar zirikatzera.

Finalean dena den MAK taldeko kideetako bat faltako da, ‘Kurku’, kanpora joan behar baitu. Lekukoa ‘Xenpelar’ azpeitiar gazteari eman diote eta MAK  taldea MAX bihurtuko zaigu finalean.

Txapelaren jokoan, beraz, abenduaren 29an, Azpeitiko Gaztetxean, 23:00etan:

XAPIOS: Xabier Azpillaga, Jokin Sudupe 'Pio' eta Silvia Etxaniz

MA(K)X: Haritz Etxeberria 'Mini', Ander Urbieta, eta Josu 'Xenpelar' izango dira.