Bertso berriak... Gizapiztiari jarriak

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko abe. 12a, 19:12

Hara hemen Imanol Lazkanok aste honetako Argian jarri dituen bertsoak. Argia jaso ez duzuenok ere ikusi, ikasi eta kanta ditzazuen.

I

Aitaren hormonetan
sorturik hazia
amaren sabelera
hurrengo jauzia.
Milaka bizigairen
hil ala bizia
borrokan erabaki
genduen auzia.
Guda amaigabe hau
da handik hasia.

II

Hil edo bizi hori
izan zen orduan
suerte apurren bat
izango genduan.
Irabazle atera
ginaden guduan
«heroe» gixa aurkeztu
gintuzten munduan
borrokan jarraitzeko
eroen moduan.

III

Guda izan bagendun
barruko herentzi
kanpoan ez da izan
mila diferentzi.
Bakezko aire asko
ez dugu irentsi.
Dena norgehiagoka
dena konpetentzi
txikia ito eta
handia miretsi.

IV

Afrikan anemia
guk kolesterola
horregatikan dator
halako ujola.
Pateretan hil arren
ez dio axola
agian entresaka
egingo da hola
ta guretzat erraztu
hemengo kontrola.

V

Gu lasai bizitzeko
beste zenbat estu
milaka argazkitan
daiteke baieztu
ikusten dugu baina
zergatik sinestu?
Ongi datorkiguna
hobe ez saihestu.
Euro edo dolarrak
bihotzikan ez du.

VI

Hainbat tanke ta bonba
eta hainbat misil
ta ikusten ez diren
zenbat guda isil.
Indarra makurrago
ez laike erabil.
«Gizapiztia» bere
urratsetan dabil
guda etengabean
sortu, bizi eta hil.


Imanol Lazkano