Gerediaga Lehiaketa Eneritz Eizmendirentzat

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2006ko abe. 11a, 16:12

Eneritz Eizmendi, Erniarratz Bertso-eskolako ikasle eta Joan Jose Eizmendi bertako kide eta irakaslearen alabarentzat izan da aurtengo Durangoko Gerediaga Elkartearen literatur lehiaketako lehen saria. Har bitza gure zorionik beroenak. Larunbat honetan Hitza egunkariak elkarrizketa egin zion. Hauek dira bertso irabazleak:

DURANGO

 
Durango aldeko lan ta bizitzaz

hitz egiteko asmotan,

sei bertso hauek bidaltzen ditut

zuengana gaurko hontan,

herri hontako berezitasun

batzuk hartuaz gogotan,

dakidan dena azalduko det

txukun hurrengo bertsotan.

 

Euskal Herriko herri polit bat

da Bizkaian kokatua,

hogetalau mila eta zazpirehun

bat biztanlez osatua,

hainbeste mendi eta baserri

ederrez inguratua,

naturazale direnak ere

badute non gozatua.

 

Kultura maite dutenak ere

badute zer ikusia,

liburu eta diska azoka

ona eta berezia,

bertan biltzen da euskal artistek

duten ondare guztia:

idazle eta musikarien

sormena eta bizia.

 

Monumentutan badu ondare

aberats bezain polita,

besteak beste Tabiran bertan

dagon  San Pedro hermita,

oso aspaldi egurrez eta

harri landuz eraikita,

nornahik bisita beharrekoa

behin aukera edukita.

 

Kirol zaleak direnentzako

ondo prestatutakoa,

futbol zelai bat ere badago

txukun osatutakoa,

pilotaleku bat ere bada

kategori onekoa,

arlo honetan ere Durango

daukagu goi mailakoa.

 

Jai egunetan ia-ia beti

jende asko biltzen dana

hain ezaguna den Patxikotxu

edo Pantxikatxongana.

Pertsonai hauek dira gazteak

erakartzeko imana,

seguru berriz itzultzen dala

behin bertara dijoana.

 

Eneritz Eizmendi