Israelekin dituen negozioak eteteko eskatu dio Elkar-ekinek Juaristi Milling Boring enpresari

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2024ko urt. 22a, 08:00

Taldeak salatu duenez, Azkoitiko enpresa honek armagintzari loturiko makinaria ekoizten eta merkaturatzen du. Enpresaren bi sarrera itxi dizkiote asteburuan, protesta gisara.

Juaristi Milling Boring, armagintzaren sektorean lan egiten duen enpresa

Juaristi Milling Boring sektore ezberdinetan lan egiten duen enpresa da, besteak beste, energian, aeronautikan, eraikuntzan, farmazeutikan eta defentsan. Azken honi dagokionez, tanke baten irudi txiki bat eta argazki handi ikus ditzakegu webgunean bertan, honako azalpenak lagun dituela: "Emaitza bikainak defentsa-industriarako osagaien mekanizazioan". Horrez gain, industria horretarako dituzten eskaintzen berri ematen dute: defentsa-ibilgailu astunak, bastidoreak, dorretxoak, hegazkin–ontziak, itsaspekoak, fragatak, e.a. 

Merkataritza harremanak Israelekin

Nazioarteko salmenten berri ere ematen dute webgunean: Europa, Afrika, Asia, Amerika eta Australiako 40 herrialdetara iristen dira enpresa horrek eginiko makinak. Asiako atalean klikatzen badugu Israel agertzen da, beste sei herrialderekin batera.

Israelen atalean klikatuta irakur dezakegu merkatu hori NCM konpainiaren bidez kubritzen dutela. Bertan, konpainia horrek Israelen dituen helbide eta telefono kontaktuak irakur daitezke, beste beste.

Konpainia horrek bere webgune propioa du, non hemen ere armagintzari loturiko eskaintzak aurkitu ditzakegun.

Erantzukizun soziala eta kode etikoa

Jarduera etikorako kode propioa dauka enpresak, zeina une honetan ezin den deskargatu (errorea ematen du). Hala ere, beraien arabera, enpresa "konprometitua", "justua", "arduratsua" eta "zintzoa" dira. 2018. urtetik Iraurgi Saskibaloi Taldearen babesle nagusia da enpresa. Horrez gain, haurtzaroaren babeserako AVAIM erakundea diruz laguntzen dutela esplikatzen dute. Besteak beste, "lurralde arriskuan" dauden umeen babeserako 3.000 euro bildu izana dute aipagai.

Elkar-ekinen ekimena eta iritzia

Urtarrilaren 21eko arratsaldean, enpresa horrek Azkoitian duen eraikineko bi sarrera itxi genituen paleak erabiliz. Horrez gain, armagintzaren aurkako eta Israeli boikota egiteko mezuak itsasi genituen bertan. Eraikinaren inguruan botatako ehunka papertxoetan ere irakur daitezke ekimen hori egin izanaren arrazoiak.

Enpresako arduradunei eskaera argia egin nahi izan diegu ekimen honen bidez: armagintzari uzteko eta Israelekin dituzten merkataritza harremanak eteteko.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 25.000 baino gehiago dira urriaren 7tik hona Israelek hil dituen palestinarrak. Genozidio baten aurrean gaude, eta ez dirudi, gainera, epe motzean amaiera izango duenik.

Hemengo enpresek egiten dutenaz hitz egitea deserosoa zaigu, baina ez du balio Gazara hunkituta begiratzeak hemen egiten dugunaren aurrean begiak itxiko baditugu. Gerrak eta genozidioak hemen ere hasten dira, eta ardurak dituzten enpresak eta erakundeak seinalatu behar direla uste dugu: bereziki armagintzaren sektorean inplikazioak dituzten horiek. 

Elkartasun zabala jaso du Palestinak mundu zabalean, milioika lagun atera gara kalera, baina Israelen sarraskiak ez du etenik. Hori horrela, elkartasuna erakustetik harago, urrats berriak emateko garaia dela pentsatzen dugu, tartean Israelen aurkako boikota indartzekoa. 

Palestinako 170 eragilek Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpaina bultzatu dute nazioartean. Ekimen honen bidez, deialdi horrekin bat egin nahi izan dugu Elkar-ekinetik.