"Gipuzkoako Lan Ikuskaritzaren arabera, enpresak hiru arau-hauste larri egin zituen Luis Enrique Sorianoren kasuan"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko mar. 20a, 12:05
Luis Enrique Sorianori eskainitako murala.

Txosten horrek irregulartasunak jasotzen dituen arren, hutsune eta akats nabarmenak daude Elkar-ekinen arabera. Txostenek ez dute egiaztatzen bere lan baldintzen eta suizidioaren arteko harremana, eta bide judizialaren esku uzten du hori frogatzeko aukera. Auziak epaibidean jarraitzen du.

ESK sindikatuak jarritako salaketari erantzunez, Luis Enrique Sorianoren kasuaren inguruko txostena (2022/07/11) egin zuen Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak . Osalanek ere bere txostena (2022/6/13) egin zuen kasuaz.

Gipuzkoako Lan Ikuskaritzaren txostena

Gipuzkoako Lan Ikuskaritzaren arabera, enpresak eginiko arau-hauste larriak:

Luis Enrique Sorianoren kasuan, Manuel Aizpuru S.M enpresak hiru irregulartasun egin zituela jasotzen du Lan Ikuskaritzak egindako txostenak:

  1. Ordu kontaketen sistemari dagokionez, Sorianoren kasuan ez zirela ordu guztiak jasotzen ondorioztatzen du. Enpresak berak onartzen du fitxetan ez zirela jasotzen Sorianok larunbatetan egindako orduak. Txostenaren arabera, enpresaren betebeharra zen ordu guztiak kontatzea eta horretarako baliabide fidagarriak erabiltzea. Ondorioz, hori horrela egin ez izanak eragotzi egiten du Lan Ikuskaritzak konprobazio egokiak egitea.
  2. Sorianok ez zituen egin 2020. urtean zegozkion opor guztiak, eta enpresak berak ere horrela onartzen du. Zortzi jai egun bakarrik egin zituen, eta fitxaketaren sistemak erakusten du oporrak zegozkion abuztuko hemezortzi egunetan lanera joan zela.
  3. 2020an egin zituen aparteko orduek legeak ezarritako mugak gainditzen dituzte. Horrela onartzen du enpresak berak. Enpresak Excel orri bat aurkeztu du Sorianok 2019. urtetik eginiko aparteko orduekin, non arau-haustea agerian gelditzen den.

Hiru egitate horiek arau-hauste larri gisa jasotzen ditu ikuskaritzaren txostenak. Ondorioz, 2022ko martxoan, Luis Enriqueren heriotzatik zortzi hilabetera, Luis Enriquek egin gabeko oporrei zegokion diru kopurua ordaindu behar izan zion enpresak familiari.

Beste egitate batzuk ezin direla frogatu adierazten du Gipuzkoak Lan Ikuskaritzak:

- COVID-19ak erasanda zegokion baja: fitxaketa sisteman ageri denez, COVID-19 gaixotasunagatik bajan egon zen egunetan eskuz idatzia agertzen da, egun batean izan ezik. 2021eko apirilaren 19ko arratsaldeko lan orduak jasota daude, baina ondoren eskuz ezabatuak. Enpresariaren arabera, akats bat izan zen, Luis Enriquek egun horietan ez zuelako lan egin. Ziurrenik, Luis Enriquerekin hitz egin, akatsa argitu, eta ezabatu egingo nuen. Lan Ikuskaritzak ontzat ematen du enpresaren bertsioa.

- Lan jazarpena: Lan Ikuskaritzaren arabera, ezin da frogatu lan jazarpena egon denik. Txostenaren arabera, ezin da frogatu Sorianoren suizidioak eta langileak jasandako kalteek lotura dutenik.

Osalanen txostena

Osalanek 2022ko ekainaren 13an argitaraturiko txostenean babesten da Lan Ikuskaritza bere ondorioak azaltzerakoan. Honakoak dira OsalaneK egindako baieztapenetako batzuk:

- Sorianok Manuel Aizpuru S.M enpresan lan egin du 2019. urtetik.

- Bere lanaldia goiz eta arratsaldez banatzen da kontratuaren arabera, 08:00etatik 13:00ak arte eta 14:30etik 17:30ak arte.

- Ohikoa da langileak aparteko orduak egitea, baina horiek ez jasotzea fitxatze sistemaren bidez.

- Bere langileen aparteko orduak modu ezberdinean kontatzen zituen nagusiak. Langileen artean tratu ezberdintasuna zegoen, Osalanen arabera.

- Lanaren antolaketak, eta eskaerei erantzun beharrak, lan karga handiak zekartzaten hilaren amaieran.

- Heriotzaren eguneko lanak ohikoak izan ziren, baina egoera berezia zen udako oporren bezpera zelako. Lan kargak eta estres egoerak handiagoak ziren. Mekanizaturiko pieza batean akats bat egon zen, eta gerenteak kargu hartu zion langileari. Eztabaida bat izan zuten, baina nagusiaren arabera, gertaera eman baino ordu batzuk lehenago konpondu zuten, eta pieza hurrengo egunean konpontzea adostu zuten.

- Enpresak ez du arrisku psikosozialei dagokien ebaluaziorik, Osalanen arabera.

Elkar-Ekinen arabera, txostenetan dauden hutsuneak eta akatsak

- Osalanen arabera, Soriano 2019. urtean hasi zen lanean, berez 2018. urteko azaroan hasi zenean.

- 2020. urtean ez zituela zegozkion oporrak egin ondorioztatzen du Ikuskaritzak. Familiaren arabera, Luis Enriquek ez zituen oporrak izan lanean hasi zenetik.

- Gehiegizko aparteko orduak aipatzen dira informeetan, horiek zenbaterainokoak ziren zehaztu gabe. Sorianok hiru urte zeramatzan astelehenetik larunbatera hamabi orduko lanaldiak egiten, eta igande askotan ere lanera joaten. Kontaketa sistema egokirik ez izateak, datu horiek zehaztasunez jasotzea eragotzi du.

- Osalanek Sorianoren lan ordutegiari egiten dio erreferentzia, esan gabe, heriotza eman zen gauean bertan ere ez zela kontratu hori bete. Luis Enriquek gaueko 21:30 inguruan egin zuen bere buruaz beste, 17:30ean kalean egon behar zuenean. Lan kontratu hori inoiz ez zen bete, ezta azken egunean ere.

- Pieza batean akats bat egin ondoren eztabaida izan zutela onartzen du nagusiak, eta pieza hurrengo egunean konpontzea adostu omen zutela. Hurrengo eguna, uztailak 31, jaieguna zen Gipuzkoa osoan, eta Luis Enriquek ez zukeen lanera joan beharko. Nagusiak, hala ere, lanera joango dela "adosten" du berarekin. Aurrez ere salatu dugu, iraganean pieza bat gaizki egin izanagatik 300 euro kendu zizkiola nagusiak soldatatik.

- Gertaeren gauean, bien arteko eztabaida eman zen, nagusiaren arabera. Sorianok aurrez ere esan zuen ohikoa zela nagusiaren aldetik oihuak eta hitz txarrak entzutea. Itxura guztien arabera, heriotzaren gauen ere errepikatu ziren hitz horiek. Eztabaidak berdinetik berdinera eman daitezke, baina, kasu honetan, botere posizioan zegoen nagusia gaztearekiko, eta nagusia horretaz baliatu zen urteetan Soriano legez kanpoko baldintzetan lanean edukitzeko.

- Ziurtasun osoz dakigu Soriano lanera joan zela COVID-19 eritasunak erasanda. Medikuaren baja izan arren, ohikoa zen gisara, 22:00etatik aurrera ere lanean jarraitu zuen egun horietan. Fitxatu ere horrela fitxatu zuen berak egun batean. Baina Lan Ikuskaritzak, oso modu arinean, ontzat ematen du enpresaren aitzakia.

- Txostenek ez dute egiaztatzen bere lan baldintzen eta suizidioaren arteko harremana, eta bide judizialaren esku uzten du hori frogatzeko aukera. Sorianok hilabeteak zeramatzan bizi zuen egoeraz hitz egiten, eta oso gertukoa zuen pertsona bati honako hau esan zion azken asteetan: "Ezin dut gehiago". Epaiketan entzungo ez den testigantza utzi zien gazteak bere gertukoei.

Auzibideak aurrera jarraitzen du

Gipuzkoako Lan Ikuskaritzak eta Osalanek beren txostenak itxi ondoren, bi demanda erregistratu dira auzitegian, eta ESK sindikatuak aurrera jarraitzen du auziarekin. Epe laburrean epaiketa judizial bat izango dela aurreikusi dezakegu. Txostenek lan baldintzen eta heriotzaren arteko lotura frogatzen ez badute ere, irregulartasun larriak egon direla baieztatu izana esanguratsua da guretzat, eta epaitegietan ere kasu hau argitzeko lanean jarraitzea beharrezkoa dela uste dugu.

Enpresa informazioa ezkutatzen eta gezurretan ari da, eta gertaeren lekuko nagusia hilda dago. Epaitegiak eremu arrotzak dira gizartean baztertuenak dauden horientzat, eta auzi honetan ematen den berezitasunak (inplikatu nagusia hilda egotea) are zailagoa egiten du Luis Enrique Sorianoren senideen defentsa juridikoa.

Lan munduan ematen den esplotazioa egiturazko arazoa da gure gizartean, eta arazo horren parte eta erantzule dira estatu egitura ezberdinak, justizia epaitegiak barne. Hala ere, gure salaketa eremu horietara eramatea beharrezkoa dela sentitu dugu hasieratik, eta bide horretan lanean jarraituko dugu ESK sindikatuarekin batera. Familiaren defentsa abokatuak egiten ari diren lanak emaitzak ekarriko dituela espero dugu.

Gertatu denaren errekonozimendua, familiarekiko erreparazioa eta horrelakorik berriz ez errepikatzeko bermeak. Hiru xede horiekin lanean jarraituko du Elkar-ekinek.