Errigorako olioa eta kontserbak eskatzeko aukera izango da gaurtik martxoaren 29a bitartean

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko mar. 9a, 13:00
Errigoraren produktu batzuk.

Herritarrek olio bidoiak eta kontserba poteak eskatzeko aukera izango dute Errigoraren webgunean. Egindako eskaera horiek Elkargunean (Soreasu auzoan), Orkatz kultur elkartean eta Ikasberri Ikastolan jasotzeko aukera egongo da.

Errigoraren udaberriko kanpaina iritsi da, eta urtero bezela, horrela nahi duten herritarrek olio bidoiak eta kontserba poteak eskatzeko aukera izango dute. Eskaera guztiak Errigoraren webgunean egin beharko dira. Hain zuzen, webgune horretan dago eskaintzen ari diren produktuen informazioa zehatza. Produktuak maiatzaren amaieran iritsiko dira Azpeitira, eta Elkar-ekin eskaera egin duten herritar guztiekin jarriko da harremanetan, eskaerak non eta nola jaso behar dituzten adierazteko. Egindako eskaera horiek Elkargunean (Soreasu auzoan), Orkatz kultur elkartean eta Ikasberri Ikastolan jasotzeko aukera egongo da.

Errigoraren Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpaina bestela kontsumitzeko bide bat da. Errigora balioen arabera kontsumitzekoa, hain zuzen, eta zehazki, gaurtik hilaren 29ra kanpaina honetan parte hartuz, bertako elikagaien alde egingo, euskara indartuko, auzolana bultzatuko eta ekoizpenean bidezko harremanak sustatuko dituzte herritarrek.

Martxoaren 1ean aurkeztu zuten Errigora Balioak identifikatzailea, Errigoraren produktuak Errigoraren balioekin estuago lotzeko berme zigilua. Eta kanpainan eskaera egitea identifikatzaile hori indartzeko bidea ere bada. Izan ere, berme zigilu bizia da Errigorak sortu duena, erronka berriei erantzun nahi diena, eta, kontsumitzaileen babesarekin, ekoizpenaren eremuan pauso berriak emateko eta identifikatzaileak konpromiso sakonagoak barnebiltzeko babesa izango du. Errigorak esan ohi duen bezala, kontsumitzeko modua aldatuta, ekoizteko erak alda ditzakegu.

Hainbat xehetasun

Nafarroa hegoalde eta erdialdeko oliba-olio birjina estra, kontserbak, arroza, pasta, lekaleak eta fruitu lehorrak dituzte herritarrek aukeran, eta horien eskaerak egin daitezke dagoeneko.

Kanpaina urtean behin egiten da, eta, beraz, ideia eskaera handiak egitea da: urtean behin, urte guztirako. Horregatik, olioa bost litroko bidoietan eskaintzen da, eta gainontzeko produktuak hamabi unitateko sortetan.

Banaketa maiatzaren lehen hamabostaldian izango da, eta produktu guztiak aldi berean jasoko dituzte eskaerak egiten dituzten herritarrek. Eskaera egiterakoan aukeratu behar da produktuak jasotzeko puntua, eta bertan zehaztutako egunean eta ordutegian pasatu beharko dute herritarrek horiek jasotzera.

Ordainketa txartel bidez eginez gero, ehun eurotik gorako ordainketak bi zatitan egiteko aukera izango dute herritarrek (erdia martxoan, eta bigarren zatia apirilean). Dena den, dena batera ordaintzeko aukera ere badago, eta eskudirutan ere bai, produktuak jasotzean.