Azpeitiko anbulatorioko murrizketen aurrean, protestara deitu dute martxoaren 18rako

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2023ko mar. 3a, 09:18
Martxoaren 18ko protestarako dei egin duten eragileetako kideen agerraldia, atzo Sanagustinen. (Elkar-ekin)

Elkarretatzea egingo dute 12:30ean, anbulatorio aurrean. Baigerak, ELAk, LABek, Pentsiodunen Plataformak, Ernaik eta Elkar-ekinek egin dute bat mobilizazioarekin, eta talde gehiagoren babesa biltzen saiatuko dira datozen egunetan.

Osasungintza publikoa eta duina. Baldintzarik gabe.  

Osakidetzan gertatzen ari diren murrizketek eragin zuzena dute gure bizitzetan. Osasunik gabe ez dago bizitzarik, eta pertsona guzti-guztiok dugu osasunerako eta bizitza duin baterako eskubidea. Eta eskubideek bermeak behar dituzte.

Azpeitiari dagozkion hamar familia medikuetatik, une honetan, bederatzi daude beteta, baina horietatik bi baja luze batean daude, ordezkatu gabe. Daudenetako batek baja hartzen badu ez da ordezkorik etortzen, eta, batzuetan, larrialdietako medikuak bidaltzen dituzte ospitaletik. Bi kardiologoak ere baja luze batean daude, ordezkorik gabe. Bi psikiatra etortzen dira astean bi egunetan, baina ez dira nahikoak dauden beharrak asetzeko. Ez dago psikologorik. Haurren osasun mentaleko zerbitzua kendu dute eta pediatrian hutsuneak daude. Erizain kopurua berez egokia izan arren, mediku faltak horien lan karga asko areagotzen du.

Lehen arreta da osasun sistema publikoaren zutabea, baina familia medikuen eta pediatren falta gero eta nabariagoa da osasun etxeetan. Egin berri den ikerketa baten arabera, bertan lanean ari diren profesionalen %97 erreta sentitzen da. Lehen arreta da gaixotasunak okerrera egin ez dezan eraginkorrena den zerbitzua, eta osasun egitura guztian du eragina. Frogatuta dago lehen arretak funtzionatzeari uzten dionean, beste zerbitzuak kolapsatzeko arriskua dagoela. Langileen egoerak okerrera egin du, eta ondorioz gero eta gehiago dira bajan dauden profesionalak, eta hutsune horiek ez betetzeak lan-karga areagotzea baino ez dakar lanean jarraitzen dutenentzat. Langileen egonkortasuna garrantzitsua da osasungintzan, bai profesionalentzat eta bai erabiltzaileentzat. Besteak beste, medikuaren eta erabiltzailearen arteko harremana mantentzeak hilkortasuna jaisten baitu.

Herritik kanpo ere, Osakidetzako zerbitzu askotan ematen ari dira murrizketak, eta horren ondorioak larriak dira: ebakuntzen zain dauden pertsonen kopuru gero eta handiagoa, onkologikoa pribatizatzeko saiakerak, azpikontrataturiko garbitzaileen egoera, amaierarik ez duten itxaron zerrendak, buru osasunari loturik areagotzen ari diren egoerak artatzeko ezintasuna, e.a. Kasu askotan, gainera, zaurgarrienak diren eta gehien behar duten pertsonak geratzen dira osasun sistema publikotik kanpo, digitalizazioarekin arazoak dituzte adineko asko eta bizi baldintza kaxkarrak dituzten pertsona migratzaileak, kasu.

Osasungintza publikoan gertatzen ari dena joera orokorrago baten logikan baino ezin dugu ulertu. Gizartea antolatzeko eredu kapitalista gero eta ondorio larriagoak uzten ari da herritarren artean: zerbitzu publikoen desegitea, horien pribatizaziorako joerak, prezioen igoera etengabea eta prekarietarearen areagotzea dira adierazleetako batzuk. Gero eta herritar gehiago daude bazterketa sozialera kondenatuak, bizitza duin baterako nahikoa oinarri ez dutenak.

Herritar askok sentitzen dugun haserrea kalean erakusteko garaia dela uste dugu. Osasungintza publikoa eta duina aldarrikatu nahi dugu, pertsona guztientzat eta baldintzarik gabe. Bide horretan, honako eskaerak berehala bete daitezela eskatzen diegu erakunde arduradunei:

  • Herriko anbulatorioan behar diren profesional guztiak ziurtatzea, bajak ordezkatzea eta murriztu dituzten zerbitzu guztiak berriz ezartzea.
  • Osakidetzan lanean ari diren langile guztien lan baldintza duinak bermatzea.
  • Osakidetzan ematen ari diren murrizketekin amaitzea.
  • Osasun arreta duin bat jasotzeko herritar guzti-guztiok dugun eskubidea bermatzea, inor bazterrean utzi gabe.

Horretarako, martxoaren 18an, 12:30ean, Azpeitiko anbulatorioaren aurrean egingo dugun kontzentrazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Osasungintza publikoa eta duina guztiontzat izango da mobilizazioaren leloa.