Elkar-ekin: "Eusko Jaurlaritzaren neurri berrien arabera, Azpeitiko apustu etxeak ez du betetzen ikastetxeekiko izan beharreko distantzia"

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko aza. 4a, 19:26

Taldeko kideek apustu etxearen eta Iraurgi ikastetxearen arteko distantziak neurtu eta argitara eman dituzte.

Josu Erkoreka EAEko lehendakariordeak agerraldia egin zuen urriaren 27an, eta datorren hiruhilekoan egingo den Jokoaren Erregelamendu Orokorraren aldaketa iragarri zuen. Erregelamendu hori 2016an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta aurreratu dituzten aldaketen bidez, lege-erreforma horretako hainbat neurri gogortuko dira.

Aurreikusten diren neurri horietako batek distantziei egiten die erreferentzia, eta hitzez hitz honela dio: "Ezingo da joko edo apustu etxerik egon ikastetxe arautuetatik 150 metrora baino gutxiagora. Lehenengo aldiz sortu da lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako ikastetxeetatik 150 metro erradialeko gutxieneko nahitaezko distantzia".

Gure aldetik, Azpeitiko apustu etxearen eta Iraurgi ikastetxearen arteko distantziak zehatz-mehatz neurtu ondoren, honako datuak atera ditugu:

- Azpeitiko apustu etxearen eta Iraurgi ikastetxeko hesiaren arteko distantzia 110,5 metrokoa da.

- Azpeitiko apustu etxearen eta Iraurgi ikastetxeko patiorako sarrera nagusiaren arteko distantzia 125,5 metrokoa da.

Ondorioa argia da: Azpeitiko apustu etxeak ez luke errespetatuko Eusko Jaurlaritzak iragarri berri duen neurrietako bat, hain zuzen, distantziei dagokiena. Alegia, Azpeitiko apustu etxearen eta Iraurgi ikastetxearen arteko distantzia 150 metro baino gutxiagokoa da. Beraz, aurreikusten denaren arabera, ezingo luke leku horretan egon.

Argi dugu Jaurlaritzak iragarri dituen neurriak ez direla nahikoak. Apustu etxeek kalte ikaragarria egiten jarraituko dute, eta, horregatik, herritarren mobilizazioak eta ludopatia elkarteek egiten duten lanak beharrezkoa izaten jarraituko dute. Aldi berean, apustu etxeen aurkako borrokan zirrikitu guztiak baliatu behar ditugula uste dugu, legeak eskaintzen dituenak barne. Jaurlaritzak aldaketa horiek iragarri baditu, azken urteetan herri askotan egin den lanari esker izan dela pentsatzen dugu. Urrats txikia izanagatik, apustu etxe batzuk ixteko balio lezake.

Bide batez, jakitun gara azken orduko aldaketak izan daitezkeela, eta neurri berriek letra txikiak ere izan ditzaketela azpian. Ezin dugu ezer ziurtzat eman, baina adierazpen horien aurrean gure iritzia eta jaso berri ditugun datuak plazaratzea beharrezkoa iruditu zaigu.

Datozen hilabeteetan, jarraipen zorrotza egingo diogu afera honi. Bide batez, Azpeitiko Udalari ere gaiaren gainean egoteko eta beharrezkoa balitz zuzenean esku hartzeko eskaera luzatzen diogu.