Boluntario taldea indartuta ekin dio Elkarguneak ikasturte berriari

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko urr. 4a, 10:44

Elkartasun sareko 50 lagunek bilkura egin zuten ostiralean, Elkargunearen helburuez eta funtzionamenduaz aritzeko.

Ikasturte hasiera honetan, sei urte bete dira Soreasuko Elkargunea abian jarri genuenetik. Urte horietan guztietan, asko izan dira bere zerbitzua jaso duten herritarrak, baita bertara materiala ekartzera hurbildu direnak ere. Horiez gain, proiektuak aurrera egin zezan beharrezkoa izan da bere funtzionamenduaz arduratu den boluntario taldearen lana. Askotan ikusten ez diren arren, Elkargunearen egunerokoan egin beharrekoak asko baitira. Ikasturte hasieran, herritarren artean osaturiko elkartasun sare hori indartzeko beharra sentitu genuen Elkar-ekinen, zereginak ugaritu egin zaizkigulako eta sarean jende gazteagoa sartzea interesgarria ikusten genuelako, nagusiki. Azken asteotan, boluntario gisara parte hartzeko deialdia egin dugu herritarren artean, eta oso pozik gaude jendeak emandako erantzunarekin. Une honetan, 80 lagun inguru gara era batera edo bestera Elkargunean lanean ari garenak. Horiez gain, materiala ekartzera edo eskuratzera datozen herritarrak kontuan izanda, proiektuaren inguruan komunitate sendo bat eratu dugula esan dezakegu, herritarren arteko elkartasuna eta laguntza helburu dituena.

Oraindik aukera dago lan txandetan parte hartzeko, eta bere ekarpena egin nahi duenak mezu bat bidali dezake elkar_ekin@hotmail.com helbidera, edo Elkar-ekineko kideren batekin hitz egin dezake zuzenan.

Esan bezala, elkartasuna da proiektuaren xedea, eta elkartasun hori jarrera antikapitalista batetik lantzen saiatzen gara. Pobrezian dauden herritarrei laguntza eskaintzea beharrezkoa ikusten dugu, baina pobrezia egoera horiek gainditzea beharrezkoa da, inor zapaldua eta baztertua izango ez den herri bat egiteko. Bide horretan, Elkargunearen egitasmoez gain, borroka sozialei loturiko ekimen ezberdinak egiten ere jarraitzeko asmoa dugu.