Bigarren eskuko arropa dendak handituta, txukunduta eta zerbitzua hobetuta ireki ditu ateak

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2021ko mar. 23a, 09:07

Elkartasuna ardatz, herrian jasotako arropari ahalik eta erabilera egokiena ematea da Elkar-ekinen xedea.

Azken bi hilabeteetan lan handia egin dugu Elkarguneko arropa bankua eta denda biltzen dituen lokala erakargarriagoa, eta, aldi berean, eraginkorragoa izan dadin. Dendari espazio gehiago eskaintzeaz gain, lurra konpondu eta hormak margotu ditugu, eta arropa modu ordenatuagoan jartzen saiatu gara, herritarren beharrei ahalik eta hobekien erantzuteko xedearekin. Obran zehar, udalak eman digun laguntza ere eskertu nahi dugu.

Arropa dendak honako ordutegia izango du: astelehenetan 16:30etik 19:30etara, asteartetik ostiralera 10:30etik 13:00etara eta 16:30etik 19:30era, eta larunbatetan 10:30etik 13:30era.

Asko eta asko dira Elkargunera arropa ekartzen duten herritarrak, eta, elkartasuna ardatz, arropa horri ahalik eta erabilera egokiena ematea da Elkar-ekinen xedea: 

  • Urtean bi aldiz beharrean dauden herriko ehunaka familiei arropa dohainik banatzen diegu.

  • Beste herri eta herrialdeetara ere banatu dugu soberan geratu zaigun arropa: Azkoitiko Caritasera, Sahararen aldeko elkartera, Senegalera, Greziara, Ongi Etorri Errefuxiatuak ekimenera, udal ezberdinetako zerbitzu sozialetara, etxegabeak artatzen dituzten aterpeetara, kalean bizi diren pertsonekin lan egiten duten proiektuetara, eta abar. 

Hala ere, arropa asko batu zaigu denbora honetan, eta, horregatik, modu oso eskuragarrian arropa saltzeko lokala prestatu eta ireki genuen iazko uztailean. Arropa dendak harrera ona izan du, eta eskaintza hori hobetzeko lanean aritu gara hilabete hauetan. Aurrerantzean, bigarren eskuko arropa bankua eta denda biltzen dituen proiektua indartu nahi dugu, honako helburuekin:

  • Soberan gelditzen zaigun arropari irteera ematea, eta, horrekin, berrerabilera sustatzea.

  • Herritarrei behar duten arropa eskaintzea, modu txukun eta oso eskuragarrian. 

  • Kontsumo ereduaren inguruko gogoeta sustatzea, eta kontsumitzeko bestelako moduak lantzea. Azpeitian arropa gehiegi kontsumitzen dugula uste dugu, eta horren adibide da astero-astero bertan pilatzen zaigun arropa guztia, horietako asko oso gutxi erabilia. Kontsumo eredu horren atzean dauden interes ekonomiko itzelen eta herrialde txiroetako langileen esplotazio egoeraren gain arreta jartzea beharrezkoa ikusten dugu, gure herritik hasita.

  • Arropa hau salduta Elkargunetik lortzen dugun dirua elkartasuna lantzeko, pobrezia egoeran dauden pertsonei laguntzeko eta borroka sozialak garatzeko erabiltzen dugu.

Irailean sei urte beteko dira Elkarguneak ateak ireki zituenetik, eta bide honetan proiektua posible egin duten herritar guztien ekarpena azpimarratu nahi dugu. Herritarren babesa eta laguntza derrigorrezkoa izan da, eta hala izango da aurrerantzean ere.