Egoera sozialak okerrera egin ahala, apustu etxeen arriskua areagotzen dela salatu du Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2020ko abe. 18a, 17:48

Elkar-ekin taldeak protesta egin zuen atzo, ostirala, Azpeitiko apustu etxean. Bi urte dira lokal hura zabaldu zutenetik, eta Elkar-ekinek apustu etxeak duen arriskua salatu nahi izan du. Horretarako, hainbat salaketa mezu itsatsi zituzten lokalaren atarian.

Honako hau da atzoko ekintzaren harira Elkar-ekinek kaleratu duen oharra:

"Bi urte igaro dira Azpeitiko apustu etxea ireki zutenetik. Hamaika modutara salatu dugu lokal horrek suposatzen duen arriskua, eta gaurko ekimenarekin salaketa horretan berretsi nahi dugu. Bizi dugun osasun krisia dela eta, egoera sozialak okerrera egin du azken hilabateetan, eta pentsatzekoa da are gehiago okertuko dela datozenetan.

Pobrezia egoera okertzeak apustu enpresen negozio aukerak handitzen ditu, herritar askok, desesperazioak jota, hor aurkitzen baitute dirua eskuratzeko esperantza. Baina apustu etxeak beti ateratzen dira irabazten, horretarako diseinatzen eta irekitzen dituztelako. Milaka pertsona miseriara bidaltzea, familiak are gehiago pobretzea eta zorretan ito diren hainbat pertsonak bere buruaz bestea egitea dakarren negozio krudela da apustuena; dirutza irabazten ari direnei batere axola ez zaien tragedia, hain zuzen.

Badakigu Azpeitiko apustu etxea larri dabilela, herritarren gehiengo zabal batek bizkarra eman diolako hasieratik; gurean, ez dute lortu beste herri batzuetan izandako arrakasta. Behin eta berriz saiatu dira barrarako arduradunak topatzen, eta orain dela astebete jakin genuen berriz ere arduradun bila dabiltzala. Inoiz baino gehiago, orain arteko jarreran mantentzeko deia zabaldu nahi dugu herritarren artean.

Borroka hau ez da oraindik amaitu, jarduera eta lokala bera normalizatzen saiatu dira bi urteotan, baina Elkar-ekinek egoeraren gainean jarraitzen du. Garai zailak datoz herritar askorentzat, eta enpresa horiek ahal duten guztia egingo dute diru errazaren ameskeria saldu eta jendea erakartzeko. Gure aldetik, enpresa horiei presioa egiten jarraituko dugu, aurrerantzean ere".