We shall overcome!

Erabiltzailearen aurpegia Eneko Etxeberria 2016ko eka. 28a, 18:27

47 urte ez dira urte asko. 1969. urtean New Yorken homosexualek alkohola edatea debekatuta zuten, eta legearen arabera, herritar orok bere sexuarekin identifikatzen ziren hiru arropa jantzi behar izaten zuen; izan emakume edo gizon. Gay mugimendua klub pribatuetan ibiltzen zen, eta ohikoa zen poliziak iluntzero atxiloketak egitea. Urte asko pasatu zituzten jazarpen, atxiloketa, kartzelaratze eta umiliazioak jasaten.

Baina, zerbait gertatu zen 1969. ekainaren 28ko gau hartan.

Stone Wall klubean ohikoa zen bezala, polizia sartu zen. Halere, ez zen betikoa gertatu. Ez dakigu zerk eraginda, Stone Wall bertan bilduta zeuden lesbiana, gay, transexual eta trabestiek poliziari aurre egin zioten.

Poliziari aurre egiteko abesti bat kantatzen hasi ziren. Abesti mitikoa da. Askatasunaren aldeko abestia, 1960ko hamarkadan Joan Baezek abesten zuen. Martin Luther King mitikoak ere abestiaren letra erabili zuen bere azken agerraldian. Hor hasi zen guztia.

Abestiak honakoa dio:

Irabaziko dugu, irabaziko dugu, egunen batean.
Nere bihotzaren barrenean sinesten dut, irabaziko dugu, egunen batean.
Eta eskutik emanda ibiliko gara, eskutik emanda ibiliko gara, egunen batean.
Nere bihotzaren barrenean.
Eta bakean biziko gara, bakean biziko gara, egunen batean.
Nere bihotzaren barrenean.
Eta aske izango gara, aske izango gara, egunen batean.
Nere bihotzaren barrenean.
Eta ez nago izututa, gaur ez dut beldurrik.
Nere bihotzaren barrenean.
Irabaziko dugu, irabaziko dugu, egunen batean.

Eskubideak ez dira zerutik erortzen, eskubideak borrokarekin, odolarekin eta sufrimenduarekin lortu dira. Ez dezagun inoiz ahaztu gure Stone Walleko anai eta ahizpei zenbat zor diegun. Haien borrokagatik eta ereduagatik gaur, ekainak 28, Azpeitiko udaletxean ostadar koloredun ikurra dago balkoian.