"Sexu portaerak eta joerak libreki aukeratzeko eskubidea" aldarrikatu du Udalak

Uztarria.eus | Gizartea
2016ko eka. 28a, 11:40

Udaletxeko balkoian koloreaniztun bandera jarri dute. Horrez gain, sexu askatasuna bermatzeko hainbat konpromiso hartu dituela jakinarazi du Udalak. 

Gaur, ekainak 28, Sexu Askatasunaren Nazioarteko Eguna da, eta horren harira "sexu portaerak eta joerak libreki aukeratzeko eskubidea" aldarrikatu du Azpeitiko Udalak. 

"Bereziki, aitorpen bat egin nahi diogu gay-en, transexualen, transgeneroen, bisexualen eta queer-en mugimenduari, baita mugimendu feministari ere, horiek jakin baitute sexu eskubideen alde borrokatzen, eta jendarte multzoak sexuari, generoari eta sexu ohiturei buruz dituen estereotipoen kontra egiten", azaldu dute. Horrez gain, adierazi dute "eskubide asko irabazi diren arren", datuek "agerian" uzten dutela "egiteko bide luzea" dagoela oraindik: "Ozen salatu nahi dugu oraindik ere XXI. mendeko demokrazietan gure gorputzen, sexualitateen, generoen eta bizitzeko moduen kontrako errepresioak bizirik jarraitzen duela". 

"Sexua, generoa eta sexualitatea norberaren identitatearen osagaiak" direla adierazi dute. Horren harira, sexu askatasuna bermatzeko, honako konpromiso hauek hartuko dituztela jakinarazi dute:

1. "Udalak bere egiten du pertsona lesbiana, gay, transexuala eta transgeneroen eskubide eta askatasun publikoak defendatzearen aldarrikapena, sexu joera eta identitate ezberdinak normalizatzeko helburuarekin. Horren karitik, gaur, ekainak 28, udaletxeko balkoian koloreaniztun bandera jarri du udaletxeko balkoian.

2. Informazio eta sentsibilizazio kanpainak indartzea" lesbiana, gay, transexual eta transgeneroekiko jarrerak aldatu eta aurreiritzi eta susmoak ezabatzeko. Aurten, Zinegoak egitasmoarekin elkarlanean, 52 martes filma eskainiko du Udalak uztailaren 1ean.

3. Prestakuntza programen edo bestelako tresna batzuen bidez beharrezko baliabideak ematea Azpeitiko ikastetxeei eta hezitzaileei, bazterketa prebenitzeaz gain, "ikasleen nortasuna, afektibitatea, sexualitatea eta harremanak osotasunez garatu ahal izateko". Horretarako hezkidetza, tratu onak eta sexualitatea programa indartuko du Udalak, aurrekontua handituz.

5. PLAX! Sexu aholkularitza zerbitzua indartzea, azpeitiar guztiek sexualitatea eta harremanak askatasunez bizitzeko baiabideak eskaintzeko.

6. Azpeitiarrei dei egitea ekainaren 28rako mugimendu feministak antolatu dituen ekimenetara parte hartzera".

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu