Orbegozo eta Alberdi, gizon-emakume pilotari profesionalek elkarrekin jokatu duten lehen jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2022ko ots. 14a, 11:29
Ados, Aspe eta Baikoko pilotariak, Etxebarriko pilotalekuan. (Lea-Artibaiko eta Mutrikuko Hitza)

Etxebarriko (Bizkaia) frontoian jokatu zituzten partidak. Berdintasunera eta profesionaltasunera bidean egindako urratsa izan zen atzokoa partiden sustatzaileen arabera. 

Pilota hitzordu berezia izan zen atzo, igandea, Etxebarriko (Bizkaia) frontoian. Izan ere, Ados, Aspe eta Baiko taldeetako pilotarien partidak izan ziren han. Kantxan bat egin zuten emakume eta gizon pilotari profesionalek lehen aldiz, eta han izan ziren, besteak beste, Oihana Orbegozo eta Jon Alberdi. Berdintasunera eta profesionaltasunera bidean egindako urratsa izan zen atzokoa partiden sustatzaileen arabera. 

Iera Agirrek eta Oihana Orbegozok 22 eta 14 garaitu zituzten Andrea Aldaregia eta Olatz Ruiz de Larramendi. Gizonen Binakako Promozio Txapelketako partida jokatu zuten Victor Estebanek eta Andoni Gaskuek, Jon Alberdiren eta Endika Uriondoren kontra. Alberdik eta Uriondok ezin izan zuten partida irabazi; 22 eta 21 bukatu zen neurketa.