Hamazortzi udalerriko Gipuzkoa proposatu du UPyD alderdiak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2014ko urt. 23a, 11:18

Joan den zapatuan egindako agerraldian proposatu zuen UPyD alderdiak Gipuzkoako udalerriak bateratu eta egungo 89 udalerri izan beharrean, 18 udal izatea probintzian, "hiritarrei zerbitzu hobeak eskaintzeko".

UPyDk proposatutako bat-egiteak tarteko honako udalerriek osatu lukete Gipuzkoa: Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azpeitia, Beasain, Bergara, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Mendaro, Ordizia, Donostia, Tolosa, Zarautz eta Zumarraga. Beraz, Azpeitia udalerri litzateke, baina inguruko herri ugari ez. Hala nola, Zestoa, Azkoitia, Errezil zein Zumaiak bat egingo lukete inguruetako udalerriekin, baina ez dute zehaztu nola egingo litzateken bateratzea.

Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak azaldu zuenez, "bat-egite horiekin Gipuzkoako udalerri guztiek 20.000 biztanle baino gehiago izan lituzkete, eta eraginkortasuna areagotu eta zerbitzu publikoak hobetuko lirateke". Maneirok esan duenez, lehen ere mahaigaineratu zuten udalerrien bat-egitearen gaineko planteamendua Eusko Legebiltzarrean, eta gaia aurki berrartuko dutela gaineratu zuen.

Proposamena Espainiako Konstituzioaren erreformaren barruan kokatu dute UPyDko kideek, eta diputazioak desegitea ere proposatu dute. Udalerriak eta diputazioak desegiteak "aurreztea" eragingo dutela uste dute.

Bizkaian eta Araban ere egingo dute udalerri gutxiagoz osatutako maparen proposamena.