Boliviako kirol balentriak

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2009ko api. 2a, 19:04

Boliviako gizonezkoen futbol selekzioak balentria lortu zuen atzo (asteazkena): 6-1 irabazi zion Argentina boteretsuari, Hegoafrikako 2010eko Mundialerako sailkapen fasean. Eta 1993ko balentria ekarri dute gogora boliviarrek: orduan Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Mundialeko sailkapen fasean 2-0 irabazi zion Brasil mitikoari. Handia izan zen haientzat. Azpeitiar bat zen garai hartan Boliviako hautatzailea: Xabier Azkargorta. Sartu ziren 1994ko Mundialera —Brasilek irabazi zuen, gainera—.

Brasilen aurkako garaipenaren aurretik heriotz mehatxua eta dena jaso zuen Azkargortak. Garaipen handiaz geroztik, jainkoa zen han. “Orain zerura bidali naute boliviarrek, baina lehen infernura —zioen 1993ko udaran Egunkaria-n—. Izan ere, hasieran gaizki hartu ninduten. Bolivian jendeak uste zuen bertako bat izango zela hautatzailea eta nire izena azaldu zenean, noski, inork ez zuen ezagutzen. Jende guztia aurka izan nuen. Heriotz mehatxu bat jaso nuen, baina hori zoro baten kontua izan zela pentsatu nuen orduan. Orain, ez dakit, baina Errepublikako presidentea eta ni toki guztietan azaltzen gara”.

Boliviako gizartearekin inplikatzera iritsi zen Azkargorta. “Nik han ikasi nuen zer gogorra den bizitzea”, esan zuen 2000n Uztarria herri aldizkarian. “Han jendeak lo egiteko tokia eta janaria izanez gero, handik aurrerakoa ongietorria. Han badago oso-oso jende aberatsa, baina baita oso-oso pobrea ere, asko gainera, eta hango aroa bukatu eta gero beste era batera ikusten ditut gauzak. Bizitzako detaile txikiak askoz gehiago baloratzen ditut harrezkero. Boliviara egokitzeko ezinbestekoa zen gizartea ezagutzea, eta Amazoniara eta abar joan nintzen propio. Dena den, nik hori beti egin izan dut, joandako toki guztietan. Baina Bolivian jaso nuen inpakto hori ez dut inon eduki”.

AEBetako 1994an Mundiala jokatu eta gero utzi zuen Azkargortak Boliviako selekzioa.

Erwin Platini Sanchez boliviarra da orain hango hautatzailea, Azkargortaren jokalari ohia.