Aiton ozpinduaren bertso jarriak

Erabiltzailearen aurpegia

Imanol Lazkanok bertsoak jarri ditu Argia astekarian, Aiton ozpindua izenekoak. Hauek dira:

Behartsu jaio eta hazi
dena gogor, dena gazi
ta gozoa galarazi.
Jaungoikoaren legea zela
zutenez adierazi,
hemen infernuan bizi
ta zerua irabazi
ziguten sinetsarazi.

Lana hamalau ordutan
gosez lautikan hirutan
ordain eskasa dirutan.
Gogoratzeak gazte denboran
zenbat sufritua dudan...
Odola jartzen zait sutan
bai egon ere batzutan
jaio izanaren damutan.

Orain adinez igota,
nire amets denen kontra
soina dut pipiak jota.
Diabetesa, kolesterola,
tentsioa edo gota...
Soinean hainbat gaitz mota
ia ezin ditut konta.
Ilusioen porrota.

Mila lan mota dastatu
nahiz ta hezurrak puskatu
horrek ez nindun sustatu.
Txanpon batzuek aurreratzea
nori ez zaio gustatu?
Etorkizunaz kezkatu,
aurreratzea kostatu
ta orain ezin gozatu.

Ni ere izan nintzen gaztea
baina inoiz ez askea
apaizen morroi tristea.
Kostata lortu degun garaian
apaiz kontuak ahaztea,
oraingo buruhaustea
medikua ta emaztea.
Hau bizitza desastrea!

Esnatutzen naiz goizero
hankak hotz, burua bero
eta aspirina gero.
Gizona bere adin batetik
gora pasatu ezkero
milagrorik ez espero.
Ametsak mila genero
baina azkenean zero.

Doinua: Ikusten duzu goizean.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide