Non dago Bixente?

Orain dela hogei urte lortu zuen Eibar taldeak Espainiako Bigarren A Mailara igotzea —oraindik hor da—, eta urteotan makina bat pasadizo gertatu izan zaizkie bertako kideei, Berria egunkarian gogoratu dituzten bezala. Hona bat Bixente Oiartzabal jokalari izandakoaz —11 urtean aritu zen han—, Jose Inazio Garmendia eta Joxe Manuel Luluaga jokalari ohiek kontatua: “Autobusean gentozen. Ez da duela hogei urteko denboraldi hartakoa, baina merezi du kontatzea. Gelditu ginen atsedenleku batean, eta jendez gainezka zegoen. Goizeko seiak ziren. Sartu ginen berriz autobusean, eta bidaiari berrekin genion. Halako batean, kilometro asko egin eta gero, norbait konturatu zen bizpahiru jokalari falta zirela, tartean Bixente urrestildarra. Gelditu, deitu haiei, eta Herbehereetako kamioi batean etorri ziren gu geunden lekura. Gozoak zeuden”.