Herriko festak ala... herriarenak?

Gorka Tolosak 'Urola Kostakoi Hitza' egunkarian igandean (uztailaren 29an), iritzi artikulua:
---
Herriko festak ala... herriarenak?
Nahi baino beranduago, akaso, baina iristear da ziurrenik udako hilabete preziatuena: abuztua. Preziatuena, oporren iragarle den heinean. Lehenago gozatu dituenik izango bada ere, hilabete honetan husten eta betetzen dira etxeak, eta herriak. Azpeitia eta Zarautz, kasu.
Eta oporrekin batera festak nonahi. Udaberrian hasitako santu dantza gero eta ugariagoa da. Izan ere, festei esker oroitzen gara, sarri, egutegian santuak badirela edo festak santifikatuak ditugula. Nahiz eta hauetan denak ez oso santu ibili!
Prest izango dira herri eta auzoetako festen egitarauak. Inoiz baino txukunago kale bazterrak eta haginak luza-luza eginda tabernariak. Horra hor paradoxa, batzuen oporrak besteen lan. Festetan, batzuen poltsikoak bi zulo eta besteenak bakarra; goian eta handia.
Bien bitartean, antolaketa lanean eta festan batera ariko da borondatetsurik. Lan horretan gozatzen badu, hura txapeldun! Beti ez baita horrela izango.
Eta horren lekuko aste honetan zenbait herri eta auzoko festak bertan behera uzteko arriskua iragarri duten hainbat albiste. Gutxi batzuen neke eta borondatea beste askoren axolagabekeria eta gaizki esateek gainditu dute, nonbait. Kontu honekin bezalaxe, oro har gero eta zorrotzagoak baikara jasotzen dugunarekin, eta ez ematen dugunarekin edo eman dezakegunarekin.
Emate horretan zer hobe herritarren artean aldarte onean antolatutakoa baino! Herritik eta herrirako. Egitarau batekin eta bakarrarekin, herriarena. Aniztasuna aberastasun iturritzat duena.
Eskerrik gabeko eta batzuetan esker txarreko jarduna bada ere, aberastu egiten baitu lan horrek. Aberastea ez baita diruz bakarrik egiten, ezta?
Eta zergatik ez, orduan, elkarrekin aberastu? Elkarlana elkar gozatze bihurtu?