Untxiak ez ziren bueltatzen

Ekaingo (Zestoa) kobazuloa 1969ko ekainaren 8an deskubritu zuten Andoni Albizuri 'Katxo' eta Rafael Rezabal azpeitiarrek; atzo (osteguna) 38 urte, beraz. Antxieta Jakintza Taldeko sortzaile eta kide ziren biak. "Andonik euskal kulturgintzaren alde lanean ari ziren konbentzimendu osoa zuen. Sinismen osoa zuen horretan. Izakera hark eraman zuen, esaterako, Ekaingo kobazuloak deskubritzera, Beti galdezka zen. Hala jakin zuen Sastarrain baserrikoengandik gertu bazegoela zulo bat. Han eroritako untxiak ez omen ziren bueltatzen", dio Katxoren alargun Maria Jesus Arregik 'Azpeitiko danborradak 1957-2007' liburuan.

Urte honen bukaeran irekitzea espero dute Ekaingo kobazuloaren erreplika, eta honen irudi batzuk ikusgai egon dira aurten apirilaren 22ra arte Donostian, Tabako Fabrikan. Erreplikaren aurrekontua 8,9 milioi eurokoa da; horietatik %72 Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri du, %26 Eusko Jaurlaritzak eta %2 Zestoako Udalak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide