'Auntxa'-ren soinua

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko ira. 29a, 18:09

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten Donostian Joxe Mari Iriondo kazetari azpeitiarrak idatzi duen Urrestillako Trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak. Gurean, berriz, bihar, larunbata, egingo dute liburuaren aurkezpena Urrestillako jubilatuen lokalean, 12:00etan. Baina aurkezpena ez da biharko ekitaldi bakarra izango. Izan ere, goiz partean Urrestillan eta 17:00etatik aurrera Azpeitian, trikiti doinuez gozatzeko aukera izango da.

Hona hemen Urrestillako Trikitixa. Auntxa eta Iturbidetarrak liburuan jasota dagoen 'Auntxa'-ren pasadizo bat:

"Badakizu, gerra ondoren hartan, inguruko errekete gazteak hemen ibili ziren etxez etxe, jendeari zer kenduko eta zer pegaizo egingo. Eta gurera ere laster etorriko zirela pentsatuta, soinua nire jaiotetxe Lakueta baserriko ukuiluko kutxa zahar batean gorde zuen hilabete batzuetan, gurean baino han seguruago egongo zela-eta. Baina, jira eta buelta, hemen zebiltzan gazte horiek -hemen inguruko gazte ezagunak ziren, baina ez dizut esango izenik- behin eta berriz gure etxeko atea jo eta soinua non genuen galdezka. Normala zenez, beldurrez airean bizi ginen, eta bakeak gehiago balio zuela bai eta soinua ematea erabaki zuen azkenean gure Antoniok, ondo zaintzeko eskatuz. Pena zuen gogotik, baina halaxe eraman zuten behin batean, eta soinurik gabe triste gelditu zen huraxe!

Horrelaxe galdu genuen soinuaren arrastoa. Baina handik hilabete batzuetara jakin zuen Madril inguruko herrixka bateko taberna bateraino heldu omen zela dontsuzko gure soinu hori, hemengo gazteren batzuek eramanda, seguru asko. Baina jatetxean egindako gastua ordaintzeko dirurik ez zuen nonbait tropak, eta soinua utzi omen zuten zorra ordaintzeko seinaletzat.

Baina denborak badaki gauzak aldatu eta bakoitzari berea ematen. Hala behintzat, errekete gazte hura damututa zegoen nonbait gure Antoniori soinua kendu izana, eta karta egin zion gure soinua han zeukatela eta harekin zer egin behar zuten galdezka. Ez genion egin kasurik, hobeko zela pentsatuta. Baina handik denbora gutxira, gutxiena uste genuenean, fardel handi batean bidali ziguten soinua, erretiratutako militar zahar baten bidez. Antonioren izenean zetorren, eta Azpeitiko estazioraino heldu zenean, hemen Urrestilla, Nuarbe eta inguru hauetako enkarguak egin ohi zituen Nuarbeko 'Aharditxo'-k ekarri zuen etxera, hura guretzat omen zela-eta. Fardela ireki eta soinua ikusi zuenean, ezin zuen sinistu; eta "hauxe da, hauxe da nire soinua!", deiadarka hasi zen. Hura poza hartu zuena gizajoak!"