Orain 75 urte Lizarran Azpeitia

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko eka. 14a, 17:06

Gaur (ekainak 14) 75 urte, 1931n, Lizarran Hego Euskal Herriko estatutua onartu zuten udalek. Casto Orbegozo Azpeitiko alkatea —karlista zen— udalen orduko mugimenduan sartu-sartu egon zen. Gipuzkoako batzordeko kide ez ezik, Hegoaldeko batzordeko kide izendatu zuten, Getxoko alkatearekin, Zangozakoarekin eta Laudiokoarekin batera. 1931ko maiatzaren 27an, "Hego Euskal Herrirako estatutua onartu eta aldarrikatzeko asmoz", udal guztien batzarra deitu zuten Orbegozok eta konpainiak, Lizarran elkartzeko, ekainaren 14an.

529 udaletik 485ek onartu zuten estatutua. Telesforo Monzon, garaiko eta ondorengo politikorik garrantzitsuenaren esanetan, inportantea zen, nahiz eta Espainiako Errepublika Federalaren baitan izan: "Penintsulako Euskal Herriko lau herrialdeentzat egina, bertan Euskadiri estatu subirano baten ahalmen guztiak ematen zitzaizkion, salbu armada, moneta eta atzerriko ordezkaritza". Baina ez zuen aurrera irten, azken batean.

1932ko ekainaren 19an, Iruñean, Nafarroa gabe gelditu ziren, Espainia-zale ezketiar eta eskubikoen presioen ondoren Nafarroako udalen gehiengoak ezezkoa eman zuelako —aurretik hiru aldiz alde agertu izan zen, gehiengo oso handiz gainera—. Bilera garrantzitsu hartan zen Casto Orbegozo. 1933ko azaroaren 5ean, Espainian boterean eskubia jarri baino zertxobait lehenago, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutuaren —edukietan ere murriztua—erreferenduma egin eta erroldaren %84 alde agertu zen.

Orduan Jose Antonio Oiarzabal zen Azpeitiko alkatea —herriko lehen alkate abertzalea— eta berak esan zuenez, egun hartan azpeitiarren %98 estatutuaren alde azaldu zen, ‘Azpeitiko efemerideak’ liburuan azaltzen denez; "udaletxeko balkoian Espainiako bandera ez ezik, ikurrina zintzilikatzea ere erabaki zen".

Baina estatutu hura 1936. urtean jarri zen martxan, Espainiako II. Errepublikaren garaian. 1936ko uztailaren 18an Espainian altxamendu nazionala egon zen, 1933ko estatutua bertan behera geratuz.

Uztarria aldizkariak, 2004ko urtarrilean, udalek nazio eraikuntzan izan duten garrantziaz bi artikulu atera zituen:
-Azpeitiko Udala eta nazio eraikuntza
-Udalbiltza, bi aurpegi