Aristi telebistaz mintzo

Erabiltzailearen aurpegia Di-da! 2006ko eka. 7a, 13:06

Kezkatuta dabil Pako Aristi azkenaldian Kalaka saioan egin dituen agerpenen ondoren jendeak egin dizkion aipamenak entzun eta gero. Kezka hori agertu zuen Aristik aurreko ostiralean Berria egunkarian idatzi zuen iritzian:

"Donostiatik Zarautzera gindoazen autoan Jose Luis Padron, Concceta Probanza eta ni neu txofer. Ari ginen txutxu-mutxuka huntaz eta hartaz, eta Kalaka programan nire parte hartzearen gaia atera zen, asteotan beste ezagun eta lagun askok atera didaten bezala. Harritzen ari naiz, tristuraz, zer jende pila datorkidan telebistako agerpenei buruz mintzatzera, eta zein bakan ageri diren nire liburu bati buruz hitz egitera hurbiltzen zaizkidanak.

Zarautzera sartzen ari ginen Conccetak esaldia bota zuenean: 'Telebistan agertzea ona izango da zuretzat, ezagunagoa izango zaitu jendeak, liburu gehiago salduko duzu...'".

Hala ere ez da ideia berekoa idazle urrestildarra. "...Jendea oso engainatuta dago telebistari buruz. Noizbait liburu batean islatuko dut telebista zer den, haren ezaugarriak eta funtzioa zeintzuk diren, benetan eta barrutik ikusita, baina labur dezadan orain lerrootan: telebista da bere lanarekin, bizitzarekin edo familiarekin aspertuta dagoen jendeari bizitza eramangarriago egiten dion tresna bat, barruan hedatzen den aspermen existentziala jasangarriago egiten dion aspermen koloretsuago baten sortzailea".