Albizu zen, ez Albizuri

Tirreno-Adriatikoko azkeneko etapa zen atzokoa (asteartea) eta zabaldu zen Beñat Albizuri Euskaltel-Euskadiko txirrindulari berriztarrak egundoko ihesa egin zuela, 43. kilometroan ospa eginda (166 zituen etapak), gehienez 6.18ko aldea izan zuela eta ia irabazi zuela etapa, 20 kilometro falta zirela harrapatu zutelako. Milram taldeagatik ez balitz (Alessandro Petacchik irabazteko esprintean), bera garaile (azkenean, Petacchi aurrena). Eta hala zabaldu zuten atzo eta gaur komunikabide batzuek, Albizuri zela hura. Ba ez zen Albizuri, talde bereko Joseba Albizu azpeitiarra baizik. Albizuk berak atzo gauean amarekin hitz egin zuen telefonoz, ihesaldiaren berri emanez. Hala jakin dugu anekdotaren berri (‘Berria’-k ere bai, adibidez). Azkenean, Albizuk sailkapen nagusian 102. bukatu zuen, 19.26ra.