Karbonoa, 'modako' atomoa

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Larrañaga Arrizabalaga 2022ko eka. 2a, 15:00
Konposta egiteko ontziak, Getarian. (Miriam Tamayo)

Aitor Larrañagak Urola Kostako Hitza egunkarirako idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Karbono hitza esan eta pertsona bakoitzari gauza ezberdin bat etortzen zaigu burura: diamantea batzuei, bizikleten edo auto garestien atalak beste batzuei, erregai fosilak, jakietako karbohidratoak… Egia esan, karbonoa edonon dago eta batetik bestera mugitzen da nahiz mugitzen dugu, etengabe munduan zehar.

Bizitza bere ere karbonoan oinarritzen da, neurri handi batean. Gorputzak sortzeko adreilu nagusia da karbonoa; bizidunen pisuaren erdia da, gutxi gorabehera, karbonozkoa. Gainera, erregai biologiko nagusia ere karbonoan oinarritzen da: atmosferatik oxigenoa arnasten dugunean, jakiekin irentsi ditugun karbono kateekin erreakzionatuz, energia lortzen da. Energia horrek hainbat lan egiten ditu, muskuluak uzkurtzea esaterako, eta hondakin moduan karbono dioxidoa (CO2) askatzen da.

Gas moduan agertzen diren karbono formak ‘modan’ jarri dira azken aldian. Karbono dioxidoa da ezagunena, baina metanoa (CH4) ere garrantzitsua da oso. Berotegi efektua sortzen duten gasak dira biak, eguzkiak bidalitako energiaren parte bat berriro espaziora ihes egitea saihesten dutenak. Baina bi gas horiek ez dute kalte bera eragiten: adituen arabera, metanoak karbono dioxidoak baino 25 aldiz gaitasun handiagoa du energia xurgatzeko, eta horrela, karbono atomo batek 25 aldiz kalte handiagoa sortzen du metano moduan karbono dioxido moduan baino.

Klima aldaketaren aurkako estrategiak karbonoaren kudeaketan oinarritzen dira. Atmosferan ahal den eta karbono gutxien izatea dute helburu neurri horiek. Neurri ezagunena erregai fosilen erabilera murriztea da. Erregai fosila munduaren historia geologikoan zehar harrapatuta geratu den karbonoa da. Azken bi mendetan, ordea, erregai fosilak izugarri erabili ditu gizakiak, energia iturri gisa batik bat. Energia lortzeko ura irakiten jartzea izan ohi da arruntena, eta horretarako, sua erabili ohi da gehienetan. Ikatza erretzean, adibidez, bizidunen barruan gertatzen den erreakzio berbera gertatzen da, baina azkarrago; hau da, materia organikotan gordeta dauden karbono kateak oxigenoarekin lotzen dira, eta karbono dioxidoa askatzen da. Erregai fosilak autoetan erabiltzen ditugunean ere, gasolina esaterako, antzeko zerbait gertatzen da. Kasu horretan, beroaren ordez, eztanda erabiltzen da motorra mugiarazteko, baina erreakzioa ikatza erretzean gertatzen denaren berdina da: karbono kateak oxigenoarekin lotu eta karbono dioxidotara zatikatzen dira.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.