Jarrera, lana eta lehentasuna

Euskararen egoerari buruzko hitzaldia eman du Iñaki Iurrebasok, Sanagustinen. 100 lagun inguru bidu dira. UEMAko ikerketa teknikariak dio indarberritze prozesu berri bat behar dela. Aldi berean, arnasguneen garrantzia aipatu du.

Euskarari eutsi izan bazaio, izan da herritarren "lanagatik, jarreragatik eta motibazioagatik". Baina ez da nahikoa: "Euskara ahul eta zaurgarri dago". Ondorioz, "indarberritze prozesu berri" baterako, "euskara lehentasunetara ekarri beharra dago". Hala esan du Iñaki Iurrebaso UEMAko ikerketa teknikariak Azpeitian, Sanagustin kulturgunean euskararen egoeraz emandako hitzaldian. Atzo arratsaldean izan zen saioa, herriko Euskara Mahaiak eta UEMAk antolatuta, eta ehunen bat lagun bildu ziren.

Iurrebasok EHUko bere doktore tesiko datuen, azalpenen eta ondorioen berri eman du, ordu eta erdi inguruko hitzaldian. Esan du Euskal Herriko "gaurko baldintzatan" euskararen erabilera, gehienez, %18koa izan daitekeela, eta, gutxienez, %1ekoa. "Eta euskararen erabilera aitortua %15ekoa da. Beraz, asko erabiltzen da euskara, dagoen hizkuntza gaitasunerako". Hala, uste du hizkuntzarekiko jarrera eta motibazioa direla "indargune nagusiak". Hau da, "euskarari indarra eman nahia, euskarak bizirik jarraitzeko nahia". Bestela, Iurrebasoren iritziz, euskara "heriotzara" bidean legoke. "Beraz, guk ikuspegi berritua planteatzen dugu: jarrerak eta motibazioak eusten diotela euskarari, eta hori gaitasuna eta erabilera baino handiagoa dela".

UEMAko ikerketa teknikariaren hitzetan, Euskal Herrian indartsuagoa da erdalduntzea euskalduntzea baino, eta ondorioztatu du "Euskal Herrian bizitzeak erdaldundu" egiten duela. "Gaur egun, adibidez, euskara etxean jasoa dutenen %55ek errazago egiten dute erdaraz. Minorizazio egoera larriaren ondorioa da. Hori pasatzen da Bilbon, Iruñean… ingurua erdalduna dutelako". Gainera, uste du botere egiturek egoera hori elikatu egiten dutela.

Iurrebasok Sanagustinen emandako datuen arabera, Euskal Herrian erdara nagusi den eremuetan %89,4 herritar bizi dira. Euskara nagusi den eremuetan, 4,7. "Beraz, hamar lagunetik bederatzi, berezko dinamikak erdalduntzea indartzen duen eremuetan bizi dira".

Arnasguneen garrantzia

Joko zelai berriak sortu beharko direla adierazi badu ere, arnasguneen garrantzia nabarmendu du, euskararen erabilera %60tik gorakoa duten udalerrien garrantzia. Haietan, "euskararen nagusitasun soziala" dago. Esate baterako, Azpeitiko kasua aipatu du; "bereziki garrantzitsua da Azpeitia, 10.000 biztanletik gorako herrien artean euskaldunena baita".

Gainera, Iurrebasok aipatu du zonalde euskaldunetan "ekarpen kuantitatibo handia" egiten dela. "Euskaraz ekoizten den erdia zonalde euskaldunetan egiten da. Beraz, izan gaitezen kontserbadoreak ere: mantendu dezagun daukaguna".

Dena den, ohartarazi du euskara sozialki nagusi den eremu geografikoa "agortzen" ari dela. "Azpeitian ere odoluste prozesu bat gertatzen ari da; adibidez, etxeko erabileran".

Baldintza: "Euskaltzaletasuna sendo izatea"

Ondorioa larria da: "Euskal Herri osoko datuak kontuan hartuz gero, hizkuntza heriotzatik gertuago gaude osasun beteko egoeratik baino. Ahul eta zaurgarri dago euskara. Minorizazio gorria dugu, minbizia. Eta ez badugu terapietan asmatzen, badakigu zer daukagun". 

Abisatu du euskararen indarberritze prozesu berri baterako –duela 60 urtekoa laudatu du– ez dutela erraztuko teknologiak edota mugimendu demografikoak, eta azpimarratu du aurrerabiderako "ezinbesteko baldintza" izango dela "euskaltzaletasuna sendo izatea". Eta: lan egitea eta euskara lehentasun gisa hartzea.