Boteprontoan

Argi berezia

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2023ko mai. 29a, 09:22
(Argazkia: Pixabay)

2023ko apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Askotan, nahi baino gehiagotan, gure gabezietan edo egindako akatsetan zentratzen gara. Mila buelta ematen dizkiogu buruari. Hortik asko ikasi daiteke, noski, hurrengoan nola jokatu nahi dugun jakiteko. Ondo dago ikasteko eta gure ekintzen ardura hartzeko, baina ez dago ondo gure burua zapaltzeko.

Asko gustatzen zait denok daukagun argi berezian pentsatzea. Minduta gaudenean, errudun sentitzen garenean, haserrea pizten zaigunean... argi bereziarekin konektatzea polita da. Nirea neuk bakarrik daukat, zurea zeuk bakarrik. Indarra ematen digu, berezi egiten gaitu eta edonon dago gurekin.

Energia bezala senti dezakegu, gaitasun bezala, konexio bezala. Modu asko daude argi horrekin topo egiteko. Hainbeste pertsona, hainbeste modu. Zaletasun antzekoak izan ditzakegu, lanpostu bera eta antzeko pertsonalitatea, baina bakoitzaren argia beti bakarra izango da. Berezia.

Ezer onik ikusten ez duzun garaietan, gogoratu zure indarraz. Hor dago. Agian, une batez ezkutatzea erabaki du, baina hor dago. Momentu zailenetan berarekin konektatzeko gonbidapena egiten dizut. Zure argia, zeurea da.