Boteprontoan

Ezagutu zaitez

Erabiltzailearen aurpegia Sara Amenabar 2023ko ots. 23a, 09:00
(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek 2023ko otsaileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Gaur galdera batekin nator. Galdera garrantzitsua, indar handikoa eta erantzuteko ez hain erraza. Asko gustatzen zait galderak egitea, auto ezagutza tresna bezala erabiltzen ditudalako. Goizetan esnatzen naizenean, adibidez, "zer egin dezaket gaur egun polita izateko?", galdetzen diot neure buruari. Horrela, momentuan behar dudana eta nire gorputzak eman dezakeena entzun dezaket.

Txikitatik etiketak ipintzen dizkigute, eta gure identitatea besteek esandakoaren arabera sortzen da. Etxean entzundakoa, ikastolan bizitakoa, gizarteak inposatutakoa eta lanean ikusitakoa. Horrek guztiak gaur egungo bizimodua baldintzatzen du, eta ez bagara auto ezagutzan murgiltzen, triste bizitzen edo zentzurik gabeko bizitza izaten amai dezakegu.

Nor zara? Ez esan zure izena, ezta zure adina ere. Zure lanpostua ere ez, mesedez. Zure izena ez duzu zuk aukeratu, adina ere ez. Lanpostua, berriz, baldintzatuta egon daiteke, eta horrek ez zaitu definitzen. Pentsatu zure esentzian eta balioetan, zerk mugitzen zaituen eta zergatik bizi zaren. Besteek esandakoa alboratu, atseden hartu. Ezagutu zaitez. Nor zara?