Boteprontoan

Desberdintasunean berdin

(Argazkia: Pixabay)

Sara Amenabarrek 2022ko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zu eta ni desberdinak gara. Desberdinak gara eta horrek aberasten gaitu, zuk nigandik ikas dezakezulako eta nik zugandik. Gizakiak elkarlanean mundua alda dezake.

Polita dirudi, baina ohikoa izaten da kontrakoa gertatzea. Desberdinak gara, eta zu baino hobea izaten saiatzen naiz. Ez dugu berdin pentsatzen, eta nola ez, nik daukat egia ahoan. Hitz egitea gogoko, eta ondokoari entzutea ez hainbeste. Sokatiran bezala, jolasean. Jolas horrek ez du dibertigarritasunik izaten, ordea.

Hara, ez da zure errua. Ezta nirea ere. Ez du axola nork duen arrazoia, bi ikuspuntuak entzuten badira. Ez du axola, adostasunera iristea baita helburua, eta ez irabazleari oparia ematea. Agian, opari politena elkar ezagutzea izan daiteke. Kanpotik begira desberdinak garela antzematea erraza da, barrutik ezagutzea zailagoa. Zailagoa, baina noski, aberasgarriagoa.

Ez ahaztu, azkenean, ez garela hain desberdinak; bizitza bizitzen ari garela, eta biok ikaste prozesuan gaudela. Hori da lehenengo pausoa, dena ez dakigula onartzea, entzuten jakitea. Zure iritzia garrantzitsua da, besteak esateko daukana ere bai.