Zeramika tailerra, Maialen Zabalza eta Jonathan Escaparen eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko api. 4a, 12:47

24 orduko zeramika tailerra antolatu du Kulturaz kooperatibak maiatzerako. Ostiral arratsaldetan eta larunbat goizetan izango dira saioak Dinamoa sormen gunean, hilaren 3an hasita. Buztinaren mundua ongi ezagutzen duten bi kidek gidatuko dituzte saioak. Azkoitiko bizilagunak biak, Maialen Zabalza eta Jonathan Escapa.

Kulturaz kooperatibak Zeramika tailerra antolatu du bigarrengoz, iazkoak izan zuen harrera ona ikusita. Aldaketa esanguratsu bi dakartza aurtengoak, ordea. Batetik, bi irakasle arituko direla gidari lanetan: Jonathan Escapa eta Maialen Zabalza (Kiribil zeramika). Eta bestetik, Dinamoan egindako piezak egosteko aukera izango dutela parte hartzaileek tailerraren bukaeran.

Bestela, iazko asmo berarekin dator aurtengoa ere: buztinarekin lana egitea.

Maiatzaren 3an hasiko da, eta ostiral arratsaldez eta larunbat goizez izango da. Guztira, 24 ordu buztinarekin ibiltzeko, esku artean hartu eta nahi dugun forma emateko.

Geologoek jakingo dute akaso: noizkoa da buztina? Noiz sortu zen, Big Bangaren ondorengo zenbatgarren urtean? Eta nola? Dinosauroen oinatzik geratu zen buztinetan? Noiz erabili zuen lehen aldiz gizakiak? Eta zertarako? 

Gabriel Orozco artista mexikarrak Mi corazón son mis manos (Nire bihotza nire eskuak dira) lana egin zuen 1991n, buztinarekin. Keinu sinple bat: buztina hartu, esku artean zapaldu, eta bihotzaren forma eman. 

Orain gure bihotzak edozeren forma ematen dio buztinari, baita bihotzarena ere. 

Orain gure bihotzak edozeren forma hartzen du, buztinezkoa da.

Platerak, ontziak, pitxerrak, katiluak, kikarak egiten ditu gure bihotzak; norberarentzat, besterentzat, dinosauroentzat. Edozer egin dezakezu zeramika tailer honetan, buztinarekin edozer egiten ikasiko duzu. Eta piezak labean egosten, bihotza sutan, ez dadin hautsi gure buztinezko bihotza bezain erraz.

Izena emateko lotura eta informazio osoagoa, dinamoa.eus atarian.