Apirila Kulturazen

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko api. 3a, 11:07

Kontzertuak, antzerkia, aurkezpenak, proiekzioak zein erakusketak kulturaz lepo datorren hilabete honen protagonistak. 

Desgaraian, Hauek, Toc, Leihotikan, Belako, Nize eta Neomak taldeen kontzertuak izango dira Sanagutin kulturgunean zein Soreasu Antzokian. Arkupehotsak egitasmoaren baitan, Hazkain talde gazteak ere eskainiko du kontzertua hilaren amaieran.

Erakusketei dagokienez, Sañu Bizirik taldeak Hamaika erakusketa ikusgai jarriko du Sanagustin kulturgunean. Urolakoen Napar Zuztarrak taldeak berriz,  Habitat erakusketa jarriko du Betharrametako erakusketa aretoan. DOI, lehio bat sormenari erakusketa programaren baitan ere erakusketa izango da ikusgai, bigarrengoz,  Foru Ibilbideko erakustokian eta Sanagustin kulturgunean, Pello Ulaziaren lana aurkeztuko delarik bertan. Horrez gain, aurreko egunean, Ulaziak berak Papera, kartoia eta guraizeak liburua aurkeztuko du Sanagustineko arkupeetan. 

Proiekzioei lotuta, Jone Arriolak 2023ko Sormen Beka jaso ondoren sortu duen Dena asmatuta dago film laburra aurkeztuko du hilaren 18an Dinamoa sormen gunean. Berarekin izango ditu solasean Xanti Agirrezabala eta Jon Ander Urresti filmeko aktoreak. Bestetik, Cimasub, itsaspeko zinemaren nazioarteko zikloaren baitan emanaldiak izango dira apirilaren 10ean, 17an eta 24an Soreasu Antzokian. Urtero legez, Laburbira, euskarazko film laburren zikloa ere itzuliko da Soreasura, apirilaren 21ean. 

Amaitzeko, ezin aipatu gabe utzi  Dantzaleku, areto dantzen ohiko topalekua ostiral honetan izango dela Sanagustin kulturgunean, 23.00etan hasita, eta Almazenean antzezlanaz gozatzeko parada izango dela hilabetearen hamalaugarrenean, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik, Soreasu Antzokian. 

Hitzordu horien guztien inguruko informazio osoagoa kulturaz.eus web orrialdeko agendan topatuko duzue.