Hizlandia, Kulturaz kooperatibak hitzaren eremuan literatura sustatzeko lurraldea

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2024ko ots. 23a, 11:49

Euskal literaturari lekua egiteko, ikusgarri egiteko, eta hitzaren inguruan biltzen den komunitateari bazka emateko, komunitatea bera hedatzeko eta trinkotzeko tokia da Hizlandia. Kulturazen webgunean izango du lekua, hortik izango da lurralde honetarako sarrera.

Hizlandian literaturaz arituko gara, hainbat alderditatik. Irakurleak literaturarekin lotutako albisteak aurkituko ditu, baina baita kritikak, artikuluak, erreportajeak edota iritziak ere. Aipuak eta liburu zatiak ere jarriko ditugu. Hilero poesia irakurtzeko biltzen garean APOAko gauzak ere hor egongo dira. Eta Berriarekin elkarlanean egiten ari garen podcasta, besteak beste. 

Literaturari buruz han eta hemen ikusi, entzun, irakurritakoak ekarriko ditugu Hizlandiara. Azken batean, irakurleon topagune izan nahi du, hitzaren lurraldea.