Ekhi Lamberten entsegu irekia, Dinamoko soinuaren eremuan

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2023ko urr. 8a, 18:42

Musika Bulegoak, Miarritzeko Atabal aretoak, Euskal Kultur Erakundeak eta Kulturazek elkarlanean antolatutako egonaldi artistikoaren barruan izan da Nafarroa Behereko musikaria Dinamoan. Egonaldiari amaiera emateko, entsegu irekia egin zuen ostegunean.

Ekhi Lambert musikariak Dinamoan egin duen egonaldi artistikoa amaitzeko, entsegu irekia egin zuen ostegunean. Egonaldi artistiko hori Musika Bulegoari, Miarritzeko Atabal aretoari, Euskal Kultur Erakundeari eta Kulturazi esker egin du Lambertek. Nafarroa Behereko musikariak eta haren taldekideek urriaren 4an eta 5ean egin zuten egonaldia Dinamoa sormen gunean, eta datozen egunetan Atabal aretoan jarraituko du egonaldiarekin. Hilaren 12an, berriz, Larzabalgo (Nafarroa Beherea) Espelletenia ostatuan beste entsegu ireki bat egitekoa da. Horri guztiari amaiera emateko, Miarritzeko aretoan eskainiko du lehen kontzertua, baina horren datarik oraindik ez dute zehaztu. 
 
Dinamoan egindako egonaldiko eta joan den osteguneko entsegu irekiko argazkiak Kulturazen Artxibategi Digitalean daude ikusgai.