Grafiaz Betea: irudiak sortzeko erabiltzen diren grafia guztiak ezagutzeko tailerra

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2022ko ira. 13a, 16:56

Ikasturte berriarekin batera, mundua idazteko erabiltzen diren grafia guztiak ezagutzeko tailerra jarriko du martxan Kulturazek Dinamoa sormen gunean. Lehen saioan diseinua landuko da; datozenetan, serigrafia, kartelgintza, risografia, kale artea eta xilografia.

Irudia tresna potentea da, izugarri indartsua, eta irudiaren ahalaz gogoeta egitea tokatzen zaigu, baina baita irudiaren azalaz ere: nola egiten da irudi bat, nola eraikitzen, nola irakurtzen, zer ikusten dugu hor...

Mundua idazteko erabiltzen diren grafia guztiak aintzat hartu eta geuk ere mundua idaztea pentsatu dugu irudiz, taldean, elkarrekin eta elkarrengandik ikasteko, giro onean, eskura ditugun hainbat eta hainbat grafia erabilita. Ikasturte bakoitzean sei saio egingo ditugu, eta saio bakoitzean grafia bat hartuko dugu ardatz. Saioak Dinamoan izango dira eskuarki, inoiz kanpora irtengo badugu ere, hileko azken ostegunean, 18:00etatik 20:00etara.

Lehen ikasturte honetarako sei grafia hauek hartu ditugu lanerako aitzakia: diseinua, serigrafia, kartelgintza, risografia, kale artea eta xilografia.

Batek eman dezake izena saio guztietarako (60 euro), edo eman dezake saio baterako (15 euro). Lehenbiziko saioa, lehen esperientzia grafikoa, diseinuari eskainiko diogu, irailaren 29an, eta diseinu grafikoaren gako batzuk aztertzen eta aletzen saiatuko gara, eta hori gero ariketa bidez praktikara eramaten.