Zabalik da Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2021ko mai. 20a, 11:34

Irailetik datorren urteko martxora bitartean izango da martxan eskola, Dinamoa sormen gunean. Amets Arzallus, Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan eta Ula Iruretagoiena izango dira hirugarren edizioko irakasleak. Ekainaren 17ra bitartean eman ahal izango da izena eskolan.

Jada eman daiteke izena Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioan. Irailean hasi eta datorren urteko martxoa bitartean, Amets Arzallus, Miren Artetxe, Koldo Almandoz, Mari Luz Esteban, Oier Guillan eta Ula Iruretagoiena izango dira Dinamoa sormen gunean eskolak ematen.

Asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara izango dira saioak. Izena emateko azken eguna ekainaren 17a izango da. Matrikularen prezioa 375 eurokoa da –250 eurokoa ikasleentzta, langabetuentzat eta erretiratuentzat–. 

Aurreko edizioetan bezala, hilero, azken asteko asteazkenean, Hitzaren Eskolako ekitaldi irekia egingo da, hilabete horretako irakasleak hautatukoa –solasaldia, filma emanaldia, kontzertua, mahai ingurua, hitzaldia...–. 

Izen ematea, hemen. Informazio gehiago, berriz, dinamoa.eus-en. 

Hitzaren Eskolaren hirugarren edizioaren aurkezpen testua da honako hau:

"Pandemiak ez gaitu hobeak egin. Nasobukoa jantzi dugu, eta apur bat zailagoa da hitz egitea, pentsatzen dena esatea. Eman behar hitzaren ahal bakarra eguneroko epaiketa etengabean norbere kontra erabiltzeko arrazoiak ematea baino ez dela. Esan daitekeen hori mugatzen eta zedarritzen ari garela etengabe, hizkuntza geroz eta abstraktuagoa ari zaigula bihurtzen. Hala eta guztiz ere, zer geratzen zaigu hitza besterik?

Hitzak josten du gure bizitza, pentsamendua eta jarduna. Eta egunerokoa izanagatik ez gara ohartzen bere botereaz, gure bizitza egituratzeko duen ahalmenaz.

Hitza bera ardatzean jarrita egin nahi dugu eskola hau. Ez diziplina bat, bere tresna eta teknika espezifikoekin, baizik eta hitza bera, bere ertz guztiekin, bere ahal izugarriarekin, bere izaera eta aukera guztiekin. Eta horretarako, hitza euren jardunaren oinarrian daukaten idazle, bertsolari, esatari, itzultzaile, gidoigile eta abarrak ekarriko ditugu eskolak ematera, hitzaren ahozko nahiz idatzizko alderdiak lantzeko, eta adierazpide bakoitzak besteak nola aberastu ditzakeen ikusteko, betiere osotasun baten bila: hitzaren jabe egitea belaunaldi berriak, hitza hartzeko bidea jartzea. 

Hatsa da hasieran, hotsa da hurrena, hitza da gero. Hiztuna da bat, beste ezeren aurretik. Gero dator irakurle, idazle, bertsolari, kazetari, itzultzaile, zernahi izatea, baina hasieran bat hiztuna da, eta hitzezkoa da mundua. Iturri ugaritatik edaten du gero, ez hitzetik bakarrik, artetik, musikatik, zinetik, edonondik, eta bizitza bera du, azken finean, bere osotasunean, bere heldu ezinean, lanerako ekai. Baina hitza du tresna, hizkuntza du lehengai, eta hizkuntza bere egin behar du, mundua kontatzeko.

Idatzi, aldatu, ezarri, ezabatu, berridatzi, itzuli, esan, esan, eta berriz esan. Berbaren sormen laborategi honetan, hainbat iturritatik edanez, nork bere ahotsa bilatu ahalko du, nork bere hitza".