Depedroren doinuek dantzan jarri dute Sanagustin

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko abe. 17a, 13:13

Kontzertu berezi eta ederra eskaini zuen Depedrok joan den zapatuan Sanagustin kulturgunean. Zuzenekoa hasi zenetik amaitu zen arte, gogotik gozatu zuten bertaratu ziren lagunek. Depedrok Todo va a salir bien lana aurkeztu zuen zapatuan, eta dantzan jarri zuen jendez betetako kulturgunea. Jairo Zavalak zein gainerako taldekideek beren onena utzi zuten oholtzan zein oholtzatik kanpo, agertokitik jaitsi eta Sanagustinen elkartutako lagunekin batera abesteko tartea hartu baitzuten. Larunbatekoa Depedrok Azpeitian eskainitako hirugarren kontzertua izan zen, eta zale batek baino gehiagok hurrengo urtean berriro ekartzeko eskatu dio Kulturaz kooperatibari sare sozial bidez. Madrilgo artistak 2014. urtean eskaini zuen Azpeitian emandako lehen kontzertua, eta orduko hartan Casualidades (2013) diskoa aurkeztu zuen. Handik denbora gutxira, 2016an, itzuli zen Azpeitira, El pasajero diskoa aurkezteko. Orain arte emandako kontzertu guztietan ezin gusturago utzi ditu Depedrok herriko musikazaleak. 

Jon Gurrutxagak eta Urbil Artolak ere kontzertu ederra eskaini zuten Sanagustinen, kulturgunea blues melodiez jantziz. Gurrutxagak Kateak izeneko lana aurkeztu zuen Artolaren doinuek lagunduta.

Ainhoa Beristain argazkilariak eta Kulturaz kooperatibak ateratako irudiekin osatutako irudi bilduma da hau.