Nerabe eta Oso Fan taldeen kontzertuak, igandea musikaz bustitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2018ko mai. 28a, 18:32

Begi asko eta asko telebistari so jarri ziren atzo, igandea, arratsaldean Altuna III eta Olaizola II pilotarien arteko eskuz banakako finala zuzenean jarraitzeko. Sanagustin kulturgunean bestelakoa zen egoera. Telebistak itzalita zeuden Neraberen eta Oso Fan musika taldeen kontzertuak noiz hasiko zain. Igande arratsalde euritsua musikaz busti zuten Azpeitira etorritako bi taldeek, eta gogotik gozatu zuten kulturgunera bertaraturako lagunek. Erlojuan 19:00ak jota zirela hasi ziren kontzetuak. Oso Fan izan zen Arkupeko oholtzara igo zen aurreneko taldea, eta haren ondotik iritsi ziren energiaz betetako Neraberen doinuak. Katapulta Tour biraren barruan eskaini zituzten kontzertuak Nerabek eta Oso Fanek.

Atzoko kontzertuaren harira, honako hitz hauek zabaldu ditu Oso Fan taldeak sare sozialetan: "Txalo zaparrada Sanagustin kulturguneko jendeari. Plazerra izan zela esatea motz geratzea da. Hori bagenekien orain dela bi urte, han jo genuen egunean. Atzokoa ez zen desberdina izan.... Soinu aldetik, ikaragarria; jasotako tratuaren aldetik, hobea; eta lekua, lekua errepikaezina da. Horrelako lekuetan dago gure eliza. Gure gurtzeko santutegia". 

Irudiak Alberto Beloki argazkilariarenak dira. Bilduma osorik, hemen.