Kus-kus jana, hango postre eta te ezberdinekin; Saharara hurbiltzeko beste modu bat

Saharar Herriaren aldeko sentsibilizazio asteari amaiera emateko azken ekitaldi bat gelditzen da. Saharako jaki dastaketa eta Kukuka taldearen  'Sahara, isiltasunaren ahotsa' antzerkia. Horrekin borobilduko dute Khamar Sahararen aldeko Elkartekoek astea. Afari eta antzerkirako sarrerak salgai daude (afarirako txartelak mugatuak izango dira, beraz, lehenbailehen eskuratzea komeni da).

Bihar, ostirala, 'Sahara, isiltasunaren ahotsa' antzerki saioa izango dugu. Baina iluntzea borobiltzeko aurretik Saharar afaria eskainiko dugu Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Kus-kusa, saharako postre eta te ezberdinez lagunduta (21:00etan; ondoren izango da antzerkia). 

Lasarteko Kukuka antzerki eta dantza eskolakoen lana da, Saharako berri emango diguna biharkoan:

"Udaro datoz haur sahararrak Euskal Herrira eta askotan hori da guk herri horrekiko dugun erreferentzia bakarrenetakoa; baina, haratago joan nahi izan dugu: zergatik bizi dira sahararrak Aljeriako errefuxiatu kanpamenduetan? Nola bizi dira? Zer amesten dute? Horren guztiaren berri izateko, liburuetara jo dugu, dokumentalak ikusi ditugu, abestiak entzun... baina zuzeneko harremana ere izan dugu.

Gurutze Irizarekin lehenik (Fatimetu) eta gure herrian (Lasarte-Oria) bizi den Ailem-ekin ondoren; eta emakume saharar honekin batera igo gara oholtzara; haren herriaren ahotsa nazioartean ukatua bada ere, ahots hori ozenago entzun dadin ondar aletxo bat eskaintzera gatoz zuen artera. Haren sufrimendua, haren alaitasuna eta haren itxaropena sentitu eta partekatzeko".

Afari+antzerkirako sarrerak kulturgunean edota hemen daude, 12€tan.