Kalakanen kontzerturako eta 'Pottola' antzerkirako sarrerak salgai daude

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2013ko api. 6a, 02:16

Sanagustin kulturgunean edota webgune honetan eskura daitezke gaurtik aurrera. Maddonarekin Tour-a amaituta, gaur hasiko da bira berriarekin iparraldeko taldea Biarritzen (1.000 sarreratik gora saldu dituzte emanaldirako) eta berehala izango dira Sanagustinen, hain zuzen, apirilaren 13an (zapatua). Antzerkia hurrengo egunean, igandean, izango da. (Argazkia: Stefano Micchia)

Kontzertu intimoa eskaintzearen aldeko apustua egin du berriro Kalakan taldea. Maddonak munduaren aurrean umea biluzik bezala erakutsi zituenetik kontzertu makroetan eta jende multzo handien aurrean ibili da hirukotea. Bada, egiten dutenaren esentziari helduko diote disko berriaren gainean martxan jarriko duten biran.

Apirilean dira hastekoak herriz herri, diskoa maiatza aldera aterako badute ere. Publikoaren gertutasuna nahi dute bilatu, naturaltasunez, sentsazioak sortuz eta jasoz.

Sanagustin kulturgunean izango ditugu apirilaren 13an. Sarrerak 8 eurotan daude aurrez eta 10 eurotan egunean (Kultur bonoarekin doan ikus daiteke). 23:00etan hasiko da.

Haien aurretik beste proiektu berri bat ezagutuko dugu. Jon Besagainen Izaki Gardenak. Apustu poperoa egin du, arrakasta izan duen 'Sagarroia' kantua bitarteko. Kasu honetan, ordea, taldea utzita duoan edo bakarka arituko da, hori ere egiten baitu. Horregatik da Izaki gardena, talderik ezean, plurala kenduta. Hau ere xume eta natural, baina ohi duen indarrarekin.

Pottola, antzerkia

Hurrengo egunean, apirilaren 14ean, antzerki obra bikaina ikusteko tartea izango dugu, telebistan agertu izan diren aktore ezagunek egitena. 19:00etan hasiko da. Sarrerak 10 eurtan daude aurrez erosiz gero eta 12 eurotan egunean (kultur bonoarekin erdi prezioan).

Sinopsia: Gorka gizon arrakastatsua da. Elenarekin maitemindu da erabat, emakume adimentsu, atsegina eta sentsuala baita; gainera, emakume dibertigarria da eta behar baino 30 bat kilo gehiago ditu. Elenarekin harremanetan hasi dela jakitean, bere lagunak diren Alex eta Blanca zirika hasi zaizkio Elenari buruzko iritzi krudelak tarteko, eta esandako horiek eragin itzela dute Gorkarengan, hark ematen duen arrakasta irudiaz duen obsesioagatik. Elenarekin duen harremanaren alde egitera behartuta, Gorkak itxurari buruz dituen kontzeptuei egin behar die aurre, ahal duen bezala, harik eta erabaki bat hartu arte.