Tempus fugit

Erabiltzailearen aurpegia Oier Etxeberria 2023ko eka. 22a, 09:00
Erlojua. (Argazkia: Pixabay)

2023ko maiatzeko Uztarrian argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Tristea litzateke denborarik ez izatea. "Ea noiz egiten dugun afariren bat" baina "ezertarako astirik gabe nabil". Zorionez, dugun baliozkoenak berdintzen gaitu kexatiok oro: denon egunak 24 ordu dituela, eta kokotean ordulari bana daramagula atzera kontaketan. Hobe zenbat gelditzen zaigun ez jakinda, baina badaezpada, 1,5x entzuten ditugu Whatsappeko ahots mezuak.

Aspaldi, mendiko ermita batean erloju bat eraikitzeko diru bilketa egiten ari omen ziren, eta gizon bati eskean joan zitzaizkion zein ordu den jakitearen abantailak goretsiz. Honek bere ibilera azalduko zien: Nahikoa lo egindakoan esnatu, gosetutakoan jan eta nekatutakoan ohera joan. Ez zuela pertsonak erlojuen beharrik.

Ildo honetan, fisikari alemaniar txima harroaren pare bat aipu datozkit gogora: lehenengoak dio bizi dezakegun gauzarik ederrena misterioa dela; zorionak, datorrenaren desioan datzala. Bigarrenak, gutxi gorabehera, argiaren abiaduraz eta denboraren konstantziarik ezaz dihardu. Ikerlan horregatik Nobel saria eman ziotelako edo, mendi federazioak bideko seinaleetan espazioa deskribatzeko norabidea eta denbora erabiltzen hasi ziren. Izarraizko Bira, PR GI 214. Urretatxiki-Goltzibar. 2 ordu 20 minutu. Denbora erlatiboa dela, alegia.

Beharbada, Jon Maia ere Einsteinen erlatibitatearen teoriaz ari zen bere Hezurbeltzak lanean: "Denbora ez da pasatzen nahiz eta urteak igaro...". Edo Urdangarin gure baitango lurraldeez, non denbora geratzen den. Eta horregatik eraikitzen dugu nork bere zahartzaroa, kandelei putz egiteko erritmo konpartitu batean.

Harritu egiten gara besteen adina kalkulatzerakoan zenbaki altuak ondorioztatzen baditugu, denok uste dugu ezagutzen ditugun umeak baino helduagoak ginela haien ikasturtean, eta zenbakien edertasunak kontsolatzen gaitu banaka kunplitu ahala. Batzuetan diogu urteak pasatu egiten direla, eta besteetan, berriz, ezetz, urteak ez direla pasatzen, gelditu egiten direla. Finean, diziplina militarraren kutsu bera darie eskolako txirrinari eta tailerretako sirenei, dagokigun arnasaldi bat ebakiko baligute bezala.

Bizi baratzearen lerroburuak horrela dio: "Garaian garaikoa, garaiz". Tokiko elikadura ekologikoaz haratago, gainontzeko esparruetara ere eratortzeko moduko arrazoia dirudi, presaka ibiltzea ez delako txarra, baina berandu ibiltzea bai. Hala ere, beste zenbait, desgaraiko ofizioetan egoskortzen da jaioturteari entzungor eginda. Beti-gazteek inbidia ematen didate, berriz-gazteek ez horrenbeste.

Kuku erloju bati erreparatuko bagenio, orratzei kuerdaren kargak eta penduluak eragiten die. Oszilazio mugimendu bakoitzaren iraupenari periodoa deritzo, eta bi aldagairen menpe dago: Lurreko grabitatea eta penduluaren luzera. Printzipio bera dagokie gainontzeko oszilazio elementuei ere, kolunpio bati demagun. Xaloa iruditu zait gure bizimoduak kateetatik zintzilik dauden zabuak bezala irudikatzea. Sasoiko edo unatu kulunkatu, hankekin nahi beste eraginaz, aldizka norbaitek bultza, umeak magalean hartuta erabili edo gaupasaren ondoren atseden hartzeko baliatu. Ez du balantza bat bestea baino azkarrago egingo.

Behin Lazkao Txikik lagunen zain zegoen gizon batekin topo egin omen zuen. Hark itxaroteaz aspertuta zegoela eta denbora egiten ari zela esan izango zion. "Denbora egiten ari al haiz, e? Badaukak orduan nik adinako abilidadea".