Munoandi pandemian bizirik

Joan zen martxoan euskarazko zinemagintzaren inguruko mahai-ingurua egin zuten hainbat herritarrek, Munoaundik antolatuta.

Munoandi kultur elkarteak bizirik jarraitzen du. Pandemia honek isilik egotera eraman gaitu azkenaldian, baina gure esentziak bizirik dirau. Egoera zital honek ez du herriarengan sortu nahi dugun hausnarketa gunea izatearen grina itzaldu, eta gure helburuak gauzatzeko bide ezberdinak topatu beharko baditugu ere, prest gaude erronka berri honi aurre egiteko.

Eskerrak eman nahi dizkiegu, orain arte antolatutako ekimenetan parte hartu duten guztiei, eta, era berean, horietara gerturatu direnei. Orain arte bezala, gure ondoan nahi zaituztegu. Presentzialki ez bada ere, hausnarketa eta eztabaidagunea sare sozialetara eramaten saiatuko gara aurrerantzean.

Pentsatu nahi dugu egoera hau ez dela gehiegi luzatuko, eta, laster, berriz izango garela jardunaldiren baten berri ematen. Horretarako lanean jarraitzen dugu, eta, ziur gaude indarberriturik aterako garela. Ziurgabetasun egoera honetan inoiz baino gehiago erregutzen ari garen txertoak gogorarazten digu zientziaren garrantzia. Bada, zientzia, adimen artifizialaren, zinemaren... begietatik aztertu nahi dugu. Bestalde, Aita Mari salbamenduko itsasontziak duen proiektuaz eta gizartean islatzen duen drama sozialari ere heldu nahi diogu 2021. urtean, adibide batzuk jartzearren.

Diziplina ezberdinetan erreferente izan daitezkeen azpeitiarrekin kontatu nahi dugu ikuspegi ezberdinen bitartez hausnarketara eta aisialdira gonbidatuz, eta ahal bada, orain arte egin dugun bezala, euskaraz. Herrian dagoen kultur mugimendu oparoari erreparatuz, Munoandik osagai erakargarri bat izaten jarraitu nahi du, eta, horretarako lanean jarraituko dugu.