Kulturgunearen hirugarren fasea, martxan

Erabiltzailearen aurpegia Mubike kooperazio elkartea 2023ko urt. 2a, 09:23
Diploma banaketako irudia.

Azaroan eta abenduan Kulturgunea proiektuaren hirugarren fasea garatzen jarraitu dugu. Proiektua Azpeitiko Udalaren laguntzarekin egin du Fundacion 1 de Abrilek (Fundabril).

Hain zuzen ere, azaroan, diplomak eman zizkieten Montes de San Bartolo IV. hezkuntza esparruko ikasle taldeei Soyapango hiriaren ekitaldian. Giza eskubideei, demokrazioari, memoria historikoari eta bakearen kulturari buruzko trebakuntza jardunaldiak egin zituzten. Guztira, oinarrizko hezkuntzako 9. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 97 ikaslek jaso zuten trebakuntza, 33 emakumek eta 64 gizonek, zehazki.

Azaroaren 4an, bestalde, 1970eko hamarkadako gazteen belaunaldiari omenaldia lehiaketa jarri zuten martxan, bi kategoriatan. Oso harrera ona izan zuen egitasmoak, 15 eta 29 urte bitarteko 79 gaztek eman baitzuten izena, eta parte hartzaile horietatik %57 emakumeak ziren. Lehiaketaren barruan, azaroaren 28an indukziozko lehen hitzaldi birtuala eskaini zitzaien gazte haiei, eta abenduaren 5ean, berriz, bigarrena; 70eko hamarkadan herrialdeak bizi izan zituen gertaerak eta testuingurua azaldu zizkieten. Abenduan eta urtarril honetan erkidegoetako eta kooperatibetako gazte talde batzuekin lanean jarraituko dute, eta lehiaketaren saria urtarril honetan emango dute.

Gainera, Fundabrilen eraikinak dagoeneko osatuta ditu bigarren mailako instalazio elektrikoak eta zeru faltsua, herriari eta Azpeitiko Udalaren elkartasunari esker.