Inertziatik kontzientziara

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2023ko ots. 7a, 08:48
Herriko gaztetxoek Euskaraldian egindako horma irudia. (Azpeitiko Euskaraldia)

Miren Segurolak 2023ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Euskarari buruzko adierazle asko ari dira berriki labetik ateratzen. 2022ko euskararen ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilera dira jaso ditugun azkenak. Horiek hartuta, udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoaren bilakera aztertu du Uemak udazken honetan. Mankomunitatea osatzen duten herri guztien datuak aletu ditu, euskaldunen eta erdaldunen kopurua nahiz lehen hizkuntza edota etxeko erabilera aintzat hartuta, besteak beste. Azpeitiko datuak ere ikusi ahal izan ditugu, eta egoera beste zenbait lekutan baino hobea den arren, ezinbestekoa da hausnarketa egitea eta zenbait ondorio nabarmentzea.

Batetik, ezagutzari dagokionez, euskaldunen portzentanjea antzekoa da Azpeitian azken 40 urteotan: %87 1981ean, %87,6 2011n eta %86,95 2021ean. Udalerri euskaldun gehienetan bezala, ordea, aldatu egin da euskaldunaren profila Azpeitian ere. Eskolak ezagutza bermatu du, baina gero eta herritar gehiago ditugu jatorriz euskaldunak ez direnak. Lehen hizkuntza euskara dutenen kopuruari begiratu besterik ez dago: %83,8 1991n, %75,5 2011n eta %71 2021ean. Horrek eragin nabarmena du etxeko erabileran eta euskararen eta kulturaren transmisioan ere. Etxeko erabilerari dagokionez, maldan behera doa ehunekoa: %76,8 1991n, %68,2 2011n eta %62,4 2021ean.

Argi dago, beraz, euskaldunen profila aldatzen ari dela, eta zorionez, lehen hizkuntza euskara ez izan arren, euskaraz dakiten herritar asko ditugula. Kaleko erabileraren datuek bost puntuko igoera erakutsi dute azken lau urteotan, eta gaur egun, herritarren %86,6 euskaraz aritzen dira kalean Azpeitian.

Datua oso ona da, beste udalerri euskaldun batzuekin alderatuta. Ezagutza altua izan arren, lehen hizkuntzak eta etxeko erabilerak behera egiten dutenean, erabilera ere maldan behera hasten baita. Azpeitian, ordea, eutsi egiten zaio kale erabilerari. Baina kale erabilera beste adierazle bat baino ez da: une jakin batzuetan ibilbide jakin batzuetan entzuten den hizkuntza adierazten du. Horrek, noski, zerikusi estua du azpeitiarren izaeran euskarak duen lekuarekin eta Azpeitiko egoera eta eskaintza soziokulturalarekin, besteak beste. Euskaraz eta euskaratik ulertu eta lantzen duten herriko dozenaka eta dozenaka taldek, elkartek eta eragilek lortu dute azpeitiarren eguneroko ohiko hizkuntza naturala euskara izatea, eta horrek euskara lasai erabiltzeko ekosistema osatu du Azpeitian. Arnasgunea da oraindik Azpeitia.

Datuen aurrean, ordea, ezin dugu lasai geratu. Euskal hiztunon inertziatik kontzientziarako saltoa ematea ezinbestekoa izango da Azpeitiak arnasgune izaten jarraitzeko. Euskarari eutsi egin behar diogu. Azpeitian arau soziala euskaraz aritzea da, baina ohiturak aldatzen ari diren heinean, etorkizunaren orubeak beste esparru batzuetan ere sustraitzen dira: hedabideak, ikus-entzunezkoak, streaming plataformak eta abar. Ezinbestekoa dugu dauden arriskuei aurre hartzea, inertziak euskaratik aldendu ez gaitzan.