Iritzia

Zapata berriak

Erabiltzailearen aurpegia Miren Segurola 2021ko aza. 4a, 08:25

Miren Segurolak 2021eko urriko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Haur bat zapata berriekin bezala. Esamolde horrekin adierazi ohi dugu zer sentitzen dugun zerbait lehen aldiz egiten dugunean edo zerbait lehen aldiz bizi dugunean. Zaharkituta geratu da gaur egun esamoldea. Beste zerbait esan beharko genuke. Haur bat jostailu berriarekin. Telefonoarekin. Telesail berri batekin. Sare sozialetan ezagutu duen musikari, kirolari edo pertsonaia berriarekin. Youtubeko kanal berriarekin. Ikusi duen bideoarekin. Hamaika adibide garaikideago aipatu daitezke gaur egun, haurrei lehen aldiz zirrara eragiten diena adierazteko.

Esamoldeak esamolde, antzera nabil ni ere orrialde honetan, lehen aldiz. Nola kabitu asmatu ezinik. Non eseri, nora begiratu, zer esan. Mundua ez ezik gure herria ere aldatu duen pandemiaren bosgarren olatuaren amaieran hartuko dut lekua bazter honetan. Garai arraroak bizi ditugu, eta izango da zer esana eta zer kontatua. Baina Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko koordinatzaile gisa, ahaleginduko naiz Azpeitiari euskararen betaurrekoekin begiratzen. Ustez euskaldunak baikara. Euskaraz bizi baikara. Arnasgunea baita Azpeitia. Baina ispiluari begiratuz gero, herrenka gabiltzala ere erraz ohartu gaitezke. Beraz, hausnarketarako bideak ere zabaldu nahiko nituzke, postura okerrak zuzentzea ezinbestekoa delakoan orekari eusteko, edozein yoga saiotan bezala.

Herritar gisa azkurea eragiten baitit astearteroko azokan kartel gehienak erdara hutsean ikusteak, udal ordezkariak euskal erdiko telebista publikoan gaztelaniaz entzuteak, hornitzaileen fakturak euskaraz ez jasotzeak, zineman edota streaming plataformetan nire hizkuntza desagerrarazita egoteak, eta abar eta abar eta abar. Hamaika kontu aletzeko aukera emango dit leiho berri honek, eta gustura helduko diet horiei, tarteka yoga irakaslea sentitzearren bada ere.

Mundua, ordea, ez da plazako kioskoan edo herriko tabernetan bukatzen. Bateko eta besteko kontuek eragina dute gure eguneroko bizitzan, eta horiez hitz egitea ere garrantzitsua da, gure keinu edo ohitura batek beste nonbait sortzen duena ulertzeko eta ikusarazteko. Pandemiak erakutsi digu mundua zein txikia den. Hango saguzahar batek zer eragin dezakeen hemen. Edota munduaren beste puntan mikrotxipen ekoizpena apaltzeak nola gera ditzakeen Euskal Herriko enpresa handienetakoak zenbait astez. Zapata berriak non erosten ditugun edota nork eta zer baldintzatan egiten dituen ere hausnartu beharko genuke, zer-nolako mundua elikatzen ari garen ikusteko. Luis Enrique Sorianoren omenez bada ere.